Garaipen garrantzitsuak lortu dituzte asteburu honetan, Mundarroko bi talde nagusiek

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 23a, 00:00
Mundarroko jokalari bat, pase luze bat emateko prest, larunbateko partiduan.

Neska moreek 2-4 irabazi zuten Usurbilen, eta mutilek 3-1 menderatu Urnieta, Erregional Preferenteetan. Hernaniko mutilek, berriz, ezin izan zuten garaipena lortu Ordiziaren kontra 
(2-2), Ohorezko Erregional Mailan.

Asteburu ederra izan da, Mundarrorentzat: garaipen garrantzitsuak lortu dituzte bi talde nagusiek, Erregional Preferenteetan. Haundia egin zuten neskek, Usurbilen zelaian 2-4 irabazita. Sailkapenean aurretik daude usurbildarrak, baina par­tidu ederra jokatuta eta atearen aurrea fin ibilita, hiru puntuak ekartzea lortu zuten moreek. 

Mutilek, berriz, irabazi beharrekoa zeukaten Zarkumendegin, eta halaxe egin zuten: 3-1 menderatu zuten Urnieta, azkeneko sailkatua. Aurreko hiru partiduak galdu ondoren, urduri zelairatu ziren moreak, eta ez ziren eroso aritu aurreneko zatian. Atsedenaldiak balio izan zien lasaitzeko eta ideiak argitzeko, eta oso maila onean aritu ziren aurreneko 20 minutuetan: tarte horretan lortu zituzten hiru golak, Marcosek, Seinek eta Errastik; eta besteren bat ere egiteko aukera izan zuten.

Hernaniri dagokienez, mutilen taldeak bakarrik jokatu zuen Ohorezko Erregional Mailan, eta ezin izan zuen garaipena lortu, sailkapeneko beheko postuetan dagoen talde baten kontra: 2-2 berdindu zuen Ordiziarekin, Zu­bipen. Hasi eta berehala aurreratu ziren berdeak, Elizaldek penaltiz lortu zuen golarekin; eta nagusi izan ziren aurreneko zatian. Baina atsedenaldira iritsi aurretik, berdindu egin zuen Ordiziak. Parekatuagoa izan zen bigarren zatia, baina berriro aurreratu ziren hernaniarrak, zelaira sartu eta berehala lortu baitzuen gola Berezik. Aurrene­ko zatiko istorioa errepikatu egin zen, ordea: lau minuturen faltan berdindu zuen Ordiziak. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!