Bihar da abenduko Sortzaileen Azokan izena emateko azken eguna

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 21a, 00:00

Dobera-Kronikak Urumea bailarako Sortzaileen Azoka antolatu du abenduaren 18rako. Parte hartzeko izena eman daiteke.

Dobera-Kronikak Sortzaileen Azoka antolatu du abenduaren 18rako, eta bihar da izena emateko azken eguna. Interesa dutenek, helbide elektroniko honetara bidali beharko dute mezua: kronika@kronika.eus. Helburua da sorkuntza prozesuan bidea zabaltzea eta bailarako proiektuei ahotsa ematea.

Horregatik, Urumeako sortzaileei luzatu diete deialdia azokan postua jartzera animatzeko. Joan den ostiralean ireki zen izena emateko epea, eta, dagoeneko, mordoxka bat izen daude zerrendan.

 

Bertako garagardoa, bitxiak, ilustrazioak, apaingarriak...

Goizetik hasita eguerdira arte izango da azoka, eta egun berezia izatea espero da. Izan ere, denetarik ikusi eta erosi ahal izango da Gabonen bezperan. Besteak beste, postuetan izango dira bertako garagardoa, bitxiak, apaingarriak, ilustrazioak, konplementuak, liburuak, umeentzako produktuak, musika, eta beste asko.

Horregatik, sortzailea baldin bazara eta parte hartzeko interesa baldin baduzu, animatu eta bidali mezua Kronikako helbidera. Postua musutruk jartzeaz gain, herritarrekin harremantzeko eta bide berriak zabaltzeko aukera ezin hobea izango duzu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!