Makina bat kontzertu gaur bailaran, Santa Zezilia eguna ospatzeko

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 20a, 00:00

Bidaia gozagarri batean barneratu ziren atzo herritarrak, Aiztondo eta Kantuzekin.

Gaur arratsaldeko 19:00etan bi kontzertu eskainiko dira; bat Atsegindegin, eta bestea Erriberan. 

Santa Zezilia eguna ospatuko dute asteburuan bailarako musikariek. Eguerdiko 12:00etan, Hernaniko Txistulari Bandak, Musika Eskolako Txistulari taldearekin batera herriko kaxkotik joko dute, bi tronpeta jolerekin. Hamalau doinu interpretatuko dira guztira, horien artean daude: Behin batian Loiolan, El cantarico, Martxa Heraldikoak, Molinatxo... 

Arratsaldean Santa Zezilia egunaren ospakizunari jarraipena emango zaio bi kontzerturekin; bat Hernanin eta bestea  Astigarragan.

 Hernaniko Musika Bandak Aldapeko Basque Latin Jazz taldearekin batera, kontzertua antolatu du gaurko. Arratsaldeko 19:00etan izango da Atsegindegin.

Kantuz eta Aiztondo, Erriberan
Atzo Hernaniko  Kantuz abesbatzak eta Astigarragako Aiztondo abesbatzak kontzertua eskaini zuten Biterin, eta gaurkoan, Erriberan eskainiko dute, 19:00etan hasita. Herritar ororentzat zuzendutako kontzertua dela ziurtatu dute; «Disneyren filmetan oinarritutako kantuak abestuko ditugu, eta herritarrak animatzea nahiko genuke». 

Etzi, Goiz Eguzki abesbatza
Etzi Santa Zezilia eguna ospatzeko asmotan, Goiz Eguzki abesbatzak Hernaniko kaleak zeharkatuko ditu, abesti ederrenak kantatuz. Plaza berritik hasiko dira, arratsaldeko 18:45etan. Kale Nagusitik, Andre kalera pasako dira eta Zinkoenean amaituko dute ibilbidea. 

Txirrixkla, hilaren 28an 
Ospakizunekin amaitzeko, hilaren 28rako, Astigarragako Txirrixkla elkarteko txistulariek bi saio antolatu dituzte. Goizean goiz, diana batekin esnatuko dute herria; eta, ondoren, kontzertua eskainiko dute Emakumeon Plazan, eguerdiko 13:00etan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!