Garaipenen bidera bueltatu nahi dute Mundarroko eta Hernaniko mutilek

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 20a, 00:00
Hernaniko Ander Berrondo, saskira gerturatu nahian, Debasketen kontra.

Astigartarrek Bosteko Irauli hartuko dute etxean, eta Paco Yoldin ariko dira hernaniarrak, Askatuak taldearen kontra.

Gaur jokatuko dute Mundarrok eta Hernanik, zortzigarren jardunaldiko partidua, mutilen Gi­puzkoako 1go mailan. Arratsaldean jokatuko dute biek, aurreko asteburuko porrota ahaztu eta garaipenen bidera bueltatzeko asmoz. Horren aurretik, bolada onean zeuden bi taldeak, eta horri heldu nahi diote berriro.

Bosteko Irauli hartuko dute astigartarrek, gaur arratsaldeko 18:00etan, kiroldegian. Lau garaipen lortu dituzte orain arte, aurreneko zazpi partiduetan; eta bosgarrena bilatuko dute gaur, sailkapenean atzetik dagoen talde baten kontra: zortzigarren dago Mundarro, eta 11ga­rren Bosteko Irauli, hiru garai­pen eta lau porrotekin. Hernanik, esaterako, mendean hartu zuen talde donostiarra, Paco Yoldi kiroldegian, ligako bosgarren jardunaldian (49-66).

Hain justu, Paco Yoldin bertan jokatuko dute gaurko partidua hernaniarrek. Baina oraingoan, Askatuak taldea izango dute aurrean, 20:00etan hasita. Hiru partidu irabazi eta lau galduta dago Hernani, Mundarro baino postu bat beherago, bederatzigarren. Eta aurreko asteburuan galdu arren, sasoi onean dago talde hernaniarra, azkeneko bost partiduetan lortu baititu hiru garaipenak. Hori horrela, irabazi beharrekoa du gaurkoa, garaipen bakarra lortu duen talde baten kontra.

Beste garaipen bat lortuz ge­ro, jaitsiera postuetatik aldendu eta gora begira jartzeko moduan izango dira bailarako bi taldeak, mutilen 1go mailan.

Nesketan, berriz, atsedena izango du Mundarrok berriro, Gipuzkoako 1go mailan. Ligako bederatzi taldeetatik, hiruk hartzen dute atseden astebururo; eta oraingoan, bi segidan tokatu zaizkie astigartarrei. Etenaldi lu­zeegia izan daiteke, lehiaketaren erritmoari eusteko.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!