Etxean ariko dira gaur, Hernaniko eta Mundarroko mutilen talde nagusiak

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 20a, 00:00
Mundarroko kapitaina, Antigua Luberriren kontrako partiduan, etxean.

Hernanik Ordizia hartuko du Zubipen, eta Mundarrok Urnieta Zarkumendegin. Neska moreak, Usurbilen.

Ohi baino askoz ere lehenago hasi zen futbol astea bailaran, Hernaniko mutilek asteazkene­an jokatu zuten partidu bereziarekin: Errege Kopan, 1-0 galdu zuten Victoria talde galiziarraren zelaian, eta bertan bukatu zen berdeen ametsa, hurrengo fasean lehen mailako talde bat hartzeko Zubipen.

Baina Kopan bizitakoak alde batera utzi, eta ligan zentratu beharko dute berriro, asteburu honetan. Izan ere, igoerako postuen borrokan jarraitu nahi dute berdeek, Ohorezko Erregional Mailan. Bide horretan, Ordizia izango dute kontrario gaur, beheko postuetan dagoen taldea. Nekea ere kontrario izango dute berdeek, baina zaleen animorik ez dute faltako behintzat: Zubipen jokatuko dute, arratsaldeko 16:30etan hasita.

Orain arte pilatutako nekea arintzeko aukera izango dutenak, oraingoan, Ohorezko Erregional Mailako neskak dira. Jardunaldi honetan tokatu zaie atseden hartzea. Horrela, baliteke Beti Gaztek, Zumaiakok eta Lagun Onakek aurrea hartzea berdeei, baina atseden hartu beharko dute haiek ere, datozen jardunaldietan.

Etxean jokatuko du Munda­rroko mutilen taldeak ere, asteburu honetan, Erregional Preferenteetan. Irabazi beharreko partidua daukate haiek ere: Urnieta hartuko dute, gaur arratsaldeko 16:00etan Zarkumendegin. Sailkapeneko azkeneko postuan dago talde urnietarra, eta garaipena lortu nahi dute moreek, beheko postuetatik aldendu eta orain arte topatu ez duten egonkortasuna lortzeko.

Eta Mundarroko neskek, azkenik, etxetik kanpo daukate zita, Erregional Preferenteetan. Usurbilen zelaian ariko dira, gaur 17:45etan. Partidu gogorra izango dute moreek, sasoi onean baitago talde usurbildarra; baina ondo ari dira moreak ere, eta hiru puntuen bila joango dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!