Kantuz abesbatzak Santa Zeziliako emanaldia haurrei eskainiko die

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 19a, 00:00
2019an Kantuz abesbatzak eskainitako kontzertua.

Gaur Hernanin «fantasiazko» emanaldia eskainiko da, Biterin 19:00etan, eta bihar hitzordua ordu berean Aiztondorekin batera Astigarragako Erriberan. 

Santa Zezilia eguna ospatuko dute gaur, etzi, eta datorren asteburuan, bailarako musikariek. Santa Zezilia eguna azaroaren 22a da, baina, astelehena denez, data aldatzea erabaki dute bertako musika-taldeek eta abesbatzek.

Hernaniko Kantuz abesbatzak gaur kontzertua eskainiko du, 19:00etan, Biteri Kultur Etxean. Abesbatzako  kideen azken kontzertua COVID-19aren biktimentzat izan zen moduan, Santa Zeziliako hau haurrei eskaini nahi diete, pandemiaren testuinguruan bizi duten egoeraren aitortza moduan.

Bidaia gozagarri batean barneratuko dira, non helduak haurtzarora eta haurrak fantasiaren mundura eramango dituen Disneyren filmetan oinarritutako kantuak abestuz.

Astigarragan ere emanaldi berdinaz gozatzeko aukera izango da bihar Erriberan. Arratsaldeko 19:00etarako jarri dute hitzordua. Astigarragako Aiztondok eta Hernaniko Kantuz abesbatzek eskainiko dute emanaldia.

Igandean eta azaroak 28an, kontzertuak bailaran

Ez da ekitaldi bakarra izango, ugari izango dira Hernanin zein Astigarragan. Bihar hernaniarrek goizetik izango dute zeregina. 12:00etan, Txistulari Bandak eta bi tronpeta jolek kontzertua eskainiko dute erdigunean. Ondoren, arratsaldeko 19:00etan, Musika Bandaren eta Aldapeko Basque Latin Jazz taldearen txanda helduko da Atsegindegin.

Ospakizunekin amaitzeko, hilaren 28an, Astigarragako Txirrixkla elkarteko txistulariek bi saio antolatu dituzte. Goizean goiz, diana egingo dute herrian barrena; eta, ondoren, kontzertua eskainiko dute Emakumeon Plazan, 13:00etan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!