Korrika martxoaren 31n hasiko da Amurrion eta Donostian amaitu, apirilaren 10ean

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 18a, 00:00
22. Korrikako antolatzaileen ordezkaritza, atzoko aurkezpenean, Donostian.

22. Korrikak Amurrio eta Donostia lotuko ditu, 11 egunez, «euskera hitzetik ekintzara eramateko». Atzo izan zen aurkezpena, Donostiako San Telmo museoan, eta 2022ko edizioaren gaineko argibideak eman zituzten.

Urtebeteko itxaronaldiaren ostean, atzo aurkeztu zuten, Donostiako San Telmo museoan, 22. Korrika. Joan den urtean, orduko osasun egoera medio, ezinezkoa izan zen antolatzea; hala ere, aurreikusitako atzerapenarekin, baina atzoko aurkezpenean baieztatu zuten datorren urtean izango dela Korrika. Martxoaren 31n hasiko da Amurrion eta ibilbidea Donostian amaituko dute, apirilaren 10ean.

 

Goiburua: 'Hitzekin'

Edizio honetarako hautatutako leloa Hitzekin da. AEKren esanetan, «euskera hitzekin ekintzetara eramateko unea delako». Horren haritik, hauxe azpimarratu zuten atzoko aurkezpenean: «hizkuntza bat hitzekin osatzen da, baina ekimenek eraikitzen dute hizkuntza baten komunitatea. Euskerak aurrera egin nahi badu, euskaldun (pro)aktiboak behar ditu, konbentzimendutik ekintzara, praktikara, jauzi egingo dutenak».

Bestalde, Korrika egiten den bakoitzean,  omenaldi bat egiten dute antolatzaileek. 22. Korrika honetan, Pirritx, Porrotx eta Marimotots pailazoak omenduko dituzte. Hain justu, egindako 34 urteko ibilbideari aitortza egingo diete, «adierazitako konpromisoagatik eta ekinagatik».

 

Lau haizetara eta hamaika errepidetara zabalduko dute euskera, 11 egunez

2022ko martxoaren 31tik apirilaren 10era bitartean, Euskal Herri osoan barrena ibiliko da euskeraren aldeko lasterketa, Amurrio abiapuntu eta Donostia helmuga hartuta. 11 egun izango dira horretarako, eta 2.500 kilometro inguru burutu ostean, Gipuzkoako hiriburuan bertan jakingo da Korrikaren sekreturik haundienetakoa: hain justu, lekuko barruan milaka kilometro egin dituen mezua.

Azkenik, atzoko saioan jakinarazi zutenez, datozen hilabeteetan emango dituzte 22. Korrikaren bueltako xehetasun gehiago. Era berean, parte hartzeko bideak ere zabaldu dituzte. Gainera, Korrika laguntzaile ere egin daiteke dagoeneko; petoa eta bestelako materiala erosteko eta ekarpen ekonomikoa egiteko aukera zabaldu dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!