Garaipenez betetako asteburua izan dute Hernaniko jokalariek

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 16a, 00:00

2-0 irabazi zuten Hernaniko neskek, eta bi golak Cesiarenak izan ziren.

Mundarroko mutilek, Gorengo mailan, 2-0 galdu zuten Orioren zelaian, eta neskek Irauliren aurka 1-1 berdindu zuten. 

Garaipenez betetako asteburua izan da Hernaniko futbol taldeentzat, eta Mundarrok mota guztietako emaitzak jaso ditu. Hasteko, partidu garrantzitsua jokatu zen pasa den larunbatean Zubipen. Izan ere, Hernaniko mutil jubenilek, Nazional mailan, Reala B-ren aurka jokatu zuten eta 2-1 irabazi zuten, Adurren eta Rokeren golekin. 

Garaipenekin jarraituz, Hernaniko Ohorezko Erregionalean, neskek Leintz Arizmendiren bisita jaso zuten igandean etxean, eta 2-0 irabazi zuen talde berdeak, Cesiaren bi golekin. Euritan jokatu bazuten ere, Hernaniko neskak nagusi zirela argi gelditu zen. Partidua hasi eta 15garren minutuan, 1-0 aurreratu zen Hernani. Lehen zatia aurrera zijoala, martxa jaitsi zuen Hernanik, eta hala ere, korner baten ondorioz gola sartu zuen talde berdeak, 2-0 iristeko, atsedenera. Bigarren zatian, berriz,  ez zen aldatu markagailua. 

Ohorezko Erregionalean, mutilek Bergaran izan zuten partidua, eta 0-1 irabazi zuten, Ibonen golarekin. Garaipen honekin, Hernanik goiko postuetan jarraitzen du. 

Gorengoen Mailan, berriz, Mundarroko mutilek Orion zuten partidua larunbatean, eta 2-0eko porrotarekin itzuli ziren etxera, astigartarrak. Hasierako minutuetan, Orio nagusitu zen. Izan ere, bosgarren minuturako markagailuan aurreratu egin ziren. Gutxinaka, moreak partidua parekatzen saiatu ziren. Bigarren zatian, Mundarrok berdinketa ez zuen urruti izan, baina, azken minutuetan, Oriok bigarren gola sartu zuen. 
Hernaniko Erregional Preferente mutilek, berriz, Zumaiako izan zuten aurkari larunbat arratsaldean Zubipen, eta 1-1 berdinketarekin amaitu zen norgehiagoka. 

Azkenik, Mundarroko neskek, Gorengoen mailan, Irauliren aurka neurtu zituzten indarrak Zarkumendegin eta 1-1 berdinketarekin amaitu zuten. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!