Santa Zezilia eguna hiru egunetan ospatuko dute Hernaniko eta Astigarragako musikariek

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 16a, 00:00

2019ko Santa Zezilia egunaren ospakizunean, Musika Eskolako ikaslean.

Larunbata izango da egun potoloa. Hernanin: Txistulari Banda eta tronpeta joleak, 12:00etan; Musika Banda eta Aldapeko Basque Latin Jazz, 19:00etan. Astigarragan, Andre Maria elizan Aiztondo eta Kantuz arituko dira, 19:00etan.

Santa Zezilia eguna ospatuko dute ostiralean, larunbatean, eta datorren asteburuan, bailarako musikariek. Berez, egutegian, azaroaren 22an dago zehaztuta egun hori; baina, astelehena denez, data aldatzea erabaki dute bertako musika-taldeek eta abesbatzek.

Ekintza ugari izango dira Hernanin zein Astigarragan larunbat honetan. Hernaniarrek goizetik izango dute zeregina. 12:00etan, Txistulari Bandak eta bi tronpeta jolek kontzertua eskainiko dute erdigunean. Ondoren, arratsaldeko 19:00etan, Musika Bandaren eta Aldapeko Basque Latin Jazz taldearen txanda helduko da Atsegindegin.

Ikuskizun berezia izango dela aurreikusi dute. Izan ere, kasu honetan, beste fusio bat egingo dute Musika Bandakoek Aldapekoekin. Azken proiektu horrek batzen ditu euskal musika tradizionala latindar erritmoekin eta jazz-harmoniekin. Aurreratu dutenez, ikuskizun horretan, ikusleek Euskal Herriko klasikoak entzuteko aukera izango dute, eta, aldi berean, melodia horiek munduan egindako bidaian izandako bilakaeraz eta aldaketaz gozatu ahal izango dute, «beren esentzia galdu gabe».

Bestalde, aurreratu moduan, Astigarragan ere Santa Zezilia egunak bere lekua izango du. Astigartarrek larunbat honetan ospatuko dute musikarien eguna, eta arratsaldeko 19:00etarako jarri dute hitzordua. Astigarragako Aiztondok eta Hernaniko Kantuz abesbatzak eskainiko dute emanaldia. Momentu hori ere xarma haundikoa izango da; izan ere, Disneyren filmetan oinarritutako kantuak abestuko baitituzte.

Ostiralean, aldiz, Hernanin izango da kontzertu bera. Biterin arituko dira bi abesbatzak, 19:00etatik aurrera.

 

Azaroaren 28an, emanaldi gehiago

Santa Zezilia egunaren ospakizunekin amaitzeko, datorren iganderako, hilaren 28rako, Astigarragako Txirrixkla elkarteko txistulariek bi saio antolatu dituzte. Goizean goiz, diana egingo dute herrian barrena; eta, ondoren, kontzertua eskainiko dute Emakumeon plazan, 13:00etan.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!