Baserrietako tresna tradizionalen ondarea

Kronika - Erredakzioa 2021eko azaroaren 13a

Larrabide baserria Rastra Zokorrak xehetzeko eta ongarriak lurrarekin nahasteko.

Astigarragako baserrietan, Euskal Herriko baserri gehienetan bezala, ohikoa zen abere-tiraketaren bidezko laborantzarako eta garraiorako tresneria tradizionala erabiltzea. Horietariko baserri askok tresna horiek gorde egin dituzte urteetan zehar, nahiz eta gaur egun nekazaritzaren lan egiteko modua eta tresnak guztiz mekanizatu diren.

Testuinguru horretan, Astigarragako Udalak nekazaritza eta abeltzaintzaren alderdi tradizional hau ezagutarazteak berebiziko garrantzia duela ikusi du. Garatzen ari den kultur proiektu zabalaren baitan, Santiagomendiko etnografi parkea beste mugarrietako bat litzateke. Udalerriko hainbat baserriren laguntzaz, tresneria tradizional honen kultur ondare preziatua ahaztuta dagoen bazterretatik atera da eta bere ondare izaera itzuli zaio, horiekin oinez bisitatu daitekeen erakusketa bat antolatuz. Langai horien ezagupena bultzatu eta hedatzeaz gain, babestu eta etorkizuneko belaunaldiei transmititzea da asmoa.

Honako piezak barnebiltzen ditu erakusketak: gurdi bat, Goikoetxea baserriko golde handia (lurra iraultzeko tresna), lera txikia (malda handietarako garraiobidea), Ipintza baserriko pala eta golde txikia (lurra iraultzeko), Zimelurritzaga baserriko alperra (zokorrak xehetzeko eta lurra berdintzeko tresna), Bordatxo eta Mendiola baserriko besareak (lurra irakitu, harrotu eta iraultzeko tresnak), Plazaetxea baserriko area eta karramarroa (lurra aretu eta harrotzeko, zokorrak berdintzeko eta botatako hazia lurrarekin nahasteko tresna) eta Larrabide baserriko rastra (zokorrak xehetzeko eta ongarriak lurrarekin nahasteko tresna).

 

ASTIGARRAGAKO UDALAK BABESTUTAKO ATALA

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!