Kronikaren aldeko erremonte jaialdia egingo da azaroaren 25ean Galarretan

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 11a, 00:00

Arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara bitartean izango da jaialdia. Sarrerak 10 euro balio du, eta printzipioz astelehenetik aurrera engongo dira eskuragai: Kronikan, Tripontzin, Garinen, Ekosen, Bodegan, Ikatzan, Xauxarren, Amaia Kafetegian, Irrintzin eta Galarretan.

Kronikak Oriamendirekin batera, erremonte jaialdia antolatu du azaroaren 25ean, Galarretako frontoian, Kronikari bultzadatxo bat emateko asmotan. Ekitaldi hau Kronikak eta Oriamendik bere garaian sinatutako hitzarmenaren eta lankidetzaren barruan kokatzen da. Jaialdi ikusgarria prestatu dute eta nahiz eta lehenengo edizioa izan, urtero antolatzeko asmoa dago.

Kirola, musika, bertsolariak, gastronomia eta jai giroa uztartuko dira Galarretan, arratsaldeko 17:00etatik 20:00etara. Herritarrek gozatzeko, egitarau erakargarria prestatu da: hasteko, erremonteko bi partidu jokatuko dira, baina jaialdia zabalagoa izango da. Andoni Rekondo eta Ekain Tolaretxipi bertsolari hernaniar gazteak jardungo dira. Musika eta jai giroa jarriko dute Amaia Irazustabarrenak, Mirari Jauregik, Joseba Eizagirrek, Eider Tolosak eta Elaia Diaz Berozek. Irazustabarrenak erakutsiko du frontoian bikain moldatzen dela zuriz jantzita, baita musika zabaltzen ere.

Erremontean puntako erremontistak, bi partidu jokatuko dituzte eta lehenengo partiduan Zaldua anaiek, Loitegi eta Murgiondo izango dituzte aurrez aurre. Donostiako anaiak lehenengo aldiz ariko dira elkarrekin, aurrelari urnietarra eta atzelari hernaniarraren kontra.

Ondoren estelarrean oraindik ere partidu erakargarriagoa jokauko da. Binakakoan elkarrekin ari diren Goikoetxea V.a eta Barrenetxea IV.ak, Ansa II.a eta Zubiriren aurka jokatuko dute. Parte hartuko duten pelotari denak eskualdekoak dira; Urnieta, Hernani, Donostia eta Goizuetakoak.

 

Sarreren prezioa eta salmenta puntuak

Sarrerak, printzipioz, astelehenean jarriko dira salgai, 10 euroren truke, ondorengo lekuetan: Hernanin Kronikan bertan, Tripontzi, Garin, Ekos eta Bodega tabernetan; Astigarragan Ikatza tabernan; Urnietan Xauxar tabernan; Goizuetan Amaia kafetegian; eta Ereñotzun Irrintzi tabernan. Galarretan, jaialdiaren egunean bertan, ere erosi daitezke sarrerak. Azpimarratzekoa da sarrera doako dela haurrentzat, 10 urte arte.

Beraz, ez ahaztu, lagunartean edota familiartean arratsalde paregabea igarotzeko aukera dagoela, Kronikaren aldeko erremonte jaialdian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!