Ligako azkeneko bi sailkatuen kontra, irabazi beharreko partiduak zeuzkaten bailarako taldeek, asteburuan, mutilen Gipuzkoako lehenengo mailan. Eta hala egin zuten biek: 55-40 nagusitu zen Hernani, Debasketen kontra; eta 72-49 irabazi zuen Mundarrok, Eibarren kontra.
Aurreneko laurdenetik egin zuen ihes Mundarrok, eta 28-11 aurreratu zen markagailuan. Tarte hori, are gehiago haunditu zuen atsedenaldira iritsi aurretik (43-20). Hortik aurrera, lortutako aldeari eutsi zioten astigartarrek, bigarren zatian; eta 23 punturen alde horrekin bukatu zuten partidua. Horrela, denboraldiko laugarren garaipena lortu zuten astigartarrek.
Gehiago kosta zitzaion garaipena ziurtatzen, Hernaniri. Berdinduta hasi zen partidua, eta 12-13 bukatu zuten aurreneko laurdena. Bigarren laurdenean lortu zuen tartea Hernanik, eta 34-22 iritsi zen aurretik, atsedenaldira. Ez zuen amore eman Debako taldeak, eta aldageletatik bueltan, murriztu egin zuen tartea. Hernanik ez zuen asmatu hirugarren laurdenean, eta hiru puntu besterik ez zituen lortu. Edonola ere, 37-29ko emaitzarekin ekin zioten azkeneko laurdenari, eta orduan bai, berriro ere bere maila onena erakutsi zuten hernaniarrek, hirugarren garaipena eskuratzeko.
Nesken Gipuzkoako lehenengo mailan, ordea, porrota jaso zuen Mundarrok: 56-41 galdu zuen Urretxun, Goierriren kontra. Ondo ekin zion, eta 8-11 aurreratu zen markagailuan; baina atsedenaldira iristerako, 28-20 aurreratu zen talde goierritarra. Eta hirugarren laurdenean eutsi zioten arren (38-31), ez zuten aukerarik izan, gero.