Hernanik irabazi ditu asteburuko bi derbiak, Erregional Preferenteetan

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 9a, 00:00

Lehia bizia izan zuten Hernanik eta Mundarrok larunbatean, Zarkumendegin.

Neskek 2-0 irabazi zuten Zubipen, eta mutilak 1-2 nagusitu ziren Zarkumendegin, Mundarroren kontra.

Derbiz betetako asteburua izan da bailaran, hiru mailatan aritu baitira elkarren kontra Hernani eta Mundarro. Erregional Preferenteetan jokatu dituzte horietako bi, eta bietan nagusitu da Hernani. Berdeek 2-0 irabazi zuten nesketan, Zubipen. Mundarro izan zen nagusi aurreneko minutuetan, baina Hernanik lortu zuen aurreneko gola, penaltiz. Kolpe horrek kalte egin zien moreei, eta mesede Herna­niri. Hortik aurrera, berdeak nagusitu ziren jokoan, eta gol aukera asko sortuta, bigarren zatian lortu zuten bigarren gola, faltaz.

Mutiletan, berriz, 1-2 nagusitu zitzaion Hernani Mundarrori, Zarkumendegin. Berdeak erosoago aritu ziren aurreneko zatian, eta aurrea hartu zuten markagailuan. Moreak ere gerturatu ziren Hernaniren areara, baina benetako arriskurik sortu gabe. Bigarren zatian hobeto aritu zen Mundarro, eta penaltiz berdintzea lortu zuen. Baina hortik gutxira, defentsa astigartarren akats bat baliatu zuen Hernanik, berriro aurrea hartzeko. Azkeneko 10 minutuetan, Mundarroren jokalari bat kaleratu zuen epaileak, eta bigarren bat ere bai, partidua amaitzear zegoela. Edonola ere, berdinketa lortzetik gertu izan ziren moreak, eta zutoina jo zuten, jaurtiketetako batean.

Asteburuko hirugarren derbian, Mundarrok 0-3 irabazi zu­en Zubipen, mutil jubenilen ohorezko mailan.

 

Erdipurdiko emaitzak, Hernaniko talde nagusiek

Preferenteen bi derbiak irabazi ditu Hernanik, baina erdipurdiko emaitzak lortu dituzte, bere talde nagusiek, ohorezko erregional mailan.

Mutilek bana berdindu zuten etxean, Aretxabaleta bigarren sailkatuaren kontra. Eta neskek 4-2 galdu zuten Oiartzunen. Ligako lidertzan berdinduta zeuden bi taldeak, eta hiru puntuko aldea hartu du Oiartzunek. Hirugarren dago Hernani.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!