Fernando Gallego eta Ibon Miner, onenen artean Urnietan

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 9a, 00:00

Hirugarren sailkatu zen Gallego, eta seigarren Miner, gizonezkoetan. Seigarren izan zen Martxeli Kanflanka ere, emakumezkoetan.

Igandean hasi zuten Gipuzkoako Banakako Bola Txapelketa, Urnietan; eta bertan izan ziren Urumea bailarako bost bolari: Martxeli Kanflanka ereñotzuarra, emakumezkoetan; eta Fernando Gallego eta Patxi Loreak hernaniarrak, eta Ibon Miner eta Leandro Miner ereñotzuarrak, gizonezkoetan.

Tiraldi ederra egin zuten Fernando Gallegok eta Ibon Minerrek, eta onenen pare aritu ziren biak. 47 brilarekin, hirugarren sailkatu zen Gallego, aurreneko biekin berdinduta; eta 46 brilarekin, seigarren izan zen Miner, laugarrenarekin berdinduta.

Seigarren sailkatu zen Martxeli Kanflanka ere, emakumezkoen artean, 20 brilarekin.­

Patxi Loreak, berriz, 29garren izan zen, 34 brilarekin; eta hiru gutxiago bota zituen Leandro Mi­nerrek, 33garren bukatzeko.

Gipuzkoako Txapelketarako aurreneko proba puntugarria izan zen Urnietakoa; baina bertan parte hartu zutenetako batzuek, ez dute izena eman txapelketa osorako. Horien artean daude Gallego eta Loreak hernaniarrak, besteak beste.

Hori horrela, txapelketaren sailkapen nagusian, bosgarren postuan dago Ibon Miner; seigarren Martxeli Kanflanka; eta 28garren Leandro Miner.

Igande honetan izango dute bigarren tiraldia, Legazpin. Eta bertan, toka txapelketaren tiraldea ere egingo dute. Bi tiraldi izango ditu Gipuzkoako Toka Txapelketak, aurtengoan: Aian egingo dute bestea, bi aste beran­duago, azaroaren 28an.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!