Binakakoari ezin hobeto ekin dio Barrenetxeak

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 9a, 00:00

40-28 nagusitu zen, Goikoetxea Vrekin batera, Juanenearen eta Aizpuru IIIren kontra, Binakako Txapelketa hasteko.

Ezin hobeto hasi du Endika Barrenetxea hernaniarrak, Binaka­ko Txapelketa Nagusia. Larun­batean jokatu zuen estreinako partidua, Goikoetxea Vrekin batera; eta 40-28 nagusitu ziren, Juanenearen eta Aizpuru IIIren kontra. Horrela, beraien aurreneko lau puntuak lortu dituzte txapelketan, eta punturik gabe geratu dira kontrarioak.

Berdindua izan zen partidua, zati haundi batean, eta indar hustu arte eutsi zion Aizpuruk, Barrenetxeari. Baina 25-23kotik aurrera, bere joko onarekin jarraitu zuen hernaniarrak, eta akatsak egin zituzten urdinek.

Jaun eta jabe izan zen Barrenetxea, txapelketaren estreinako partiduan. Estatistikek garbi erakutsi zuten hori, bukaeran: 26 tanto egin zituen berak, horietatik 16 joko­an eta beste hamarrak sakez. Ahal bezala eutsi zion Aizpuruk, eta markagailuan aurretik ere izan ziren urdinak hasieran, 0-5 eta 5-10 jarrita. Baina berehala erantzun zuten gorriek, eta 12na berdindu ondoren, aurreneko aldiz jarri ziren aurretik. Alde txikiarekin aritu ziren 25-23kora arte, baina orduan, 15-5eko partziala lortu zuten Barrenetxeak eta Goikoetxeak, garaipena eskuratzeko.

Konfiantza haundiarekin ari­tu zen hernaniarra, kantxa barruan gozatuz eta arriskatuz. Hernaniarraren partidu bikaina ondo osatu zuen Goikoetxeak ere, serio jokatuta. Zazpi tantorekin bukatu zuen urnietarrak, eta hiru akatsa bakarrik egin zituen, partidu osoan. Juanenea ez zen nagusitzeko gai izan, aurrelarien arteko jokoan. Barrenetxeari lana ematen saiatu ziren, baina hernaniarrak ez zuen ahultasunik erakutsi. Atzelarien arteko lehia izan zen azkenerako; eta horretan, maisu izan zen Barrenetxea.

Jaialdiko aurreneko partiduan, garaipena lortu zuen Aritz Zubiri goizuetarrak, Zalduarekin batera, Urrutia IIren eta Martirenaren kontra (40-19).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!