Asteburuko gogorra izan da Urumea bailarako esku pelotarientzat, Gipuzkoako maila gorenetan ari diren taldeei dagokienez. Izan ere, bere tokia galdu dute Mundarrok eta Hernanik, mutil nagusien Ohorezko Mailan. Mailari eusteko partidu bana zeukaten jokoan, eta biek jaso zuten porrota. Etxean galdu zuten Paul Ojuel eta Markel Lizeaga hernaniarrek, Ilunpeko Alberdiren eta Elosegiren kontra (19-22); eta horrekin, agur esango dio Hernanik maila gorenari, duela 12 urte Esnalek eta Gorrotxategik igoera lortu, eta gaur arte bikain eutsi ondoren. Eñaut Lizeaga eta Jokin Santxez astigartarrek, berriz, Alegian galdu zuten, Intxurreren kontrako partiduan (22-15). Joan den urtean lortu zuen igoera Mundarrok, eta ez zeukaten lan erraza mailari eusten, kontrarioak eta izandako zailtasunak kontutan hartuta.
Edozein kasutan, izan da albiste onik ere, asteburuan. Hernaniko bi bikotek lortu dute mailari eustea, partidu erabakigarriak irabazita: 22-20 nagusitu ziren Iñigo Urkizu eta Iñigo Labaka, Tolosako Amiano eta Albenizen kontra, nagusien lehenengo mailan; eta 22-7 irabazi zieten Xabier Salaberriak eta Xabier Ortiz de Urbinak, Zazpi Iturriko Zabalari eta Esnaolari, nagusien bigarren mailan.
Bestalde, Gipuzkoako Banakakoan, partidurik galdu gabe jarraitzen dute Oinatz Gaskon eta Ekhi Oses hernaniarrek, eta Enaitz Isasti astigartarrak, infantiletan; eta Oier Arsuaga hernaniarrak eta Imanol Ormazabal astigartarrak, alebinetan.