Hernaniko mutilek irabazi egin dute Lezon eta neskak berdindu, Zubipen

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 2a, 00:00

1-2ko emaitzarekin goiko postuetan kokatu dira mutilak. Neskak bana berdindu zuten Mariñoren aurka.

Ez da asteburu txarra izan Hernaniko taldeentzat futbolean. Mutilen Ohorezko Erregional taldeak 1-2 irabazi zuen Lezon, Allerruren kontra larunbatean, eta emaitza honekin goiko postuetan kokatu da. Denboraldia hasiera ez zuen erraza izan Igor San Miguelek zuzentzen duen taldeak, baina azken bolada onari esker bosgarren kokatu dira sailkapenean, aurreneko postutik lau puntura, zortzi jardunaldi jokatu direnean.

Ruben Pironek eta Axel Sanzek sartu zituzten Hernaniri garaipena eman zioten golak.

 

Euri artean lainotu egin zen nesken erasoa

Neskek, ordea, ezin izan zuten garaipena lortu larunbatean, Zubipen, Mariñoren aurka. Bana berdindu zuten, teorian, talde ahulago baten aurka. Berdinketa horrekin hernaniarrek lidergoa galdu dute Oiartzunen mesedetan, nahiz eta bi taldeak 16na punturekin berdinduta egon, Beti Gazte bezala.

Hasieratik partidua zail jarri zitzaion Hernaniri, lehenengo zatian Mariño aurreratu baitzen markagailuan. Hala ere, Hernanik erreakzionatu zuen eta Cesia aurrelariaren aukera baten ondoren etorri zen gola, Cesia beraren alboratutako erremate baten ondoren.

Atsedenaldira banako berdinketarekin joan ziren aldageletara bi taldeak. Bueltakoan,  Hernani bigarrenaren bila irten zen, baina 63garren minutuan hamar jokalarirekin geratu zen. Epaileak zuzenean gorria atera zion Leire Juanesi falta bategatik. Hernaniarrak azkenaldian diziplina arazoak izaten ari dira eta hamarrekin bukatu dute partidu bat baino gehiago. Bat gutxiagorekin markagailua berdinduta mantendu zuten, baina zapore gazi-gozoa utzi zuen norgehiagokak.

Mundarroko mutilen talde nagusiak, Preferentean, atsedena izan zuen, Hernaniren aurkako derbiaren aurretik. Horiek 1-2 galdu zuten Tolosaren aurka. Garaipen ona Mundarroko neskek lortu zuten, 2-3, Oriokoren kontra.

Azkenik, Hernaniko jubenil nazional taldeak 0-6 galdu zuen Eibar B-ren kontra.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!