Ur Miak aurrenekoz irabazi du Gipuzkoako Txapelketa, bolatoki «berezira» inor baino hobeto moldatuta

Kronika - Erredakzioa 2021ko aza. 2a, 00:00

Alde nabarmenarekin nagusitu ziren ereñotzuarrak, Altzako bolatokiko finalean:
151 brila bota zituzten. Segura izan zen bigarren, 95 brilarekin; eta hirugarren izan zen Hernaniko Elur Txori, 87 brila botata.

Haundia egin zuen Ereñotzuko Ur Miak, igande goizean, Donostiako Altzako bolatokian: nabar­men nagusitu zen, lau finalisten artean, eta aurreneko aldiz irabazi du Gipuzkoako Taldekako Txapelketa, gizonezkoetan. 151 brila bota zituzten ereñotzuarrek, eta alde haundiarekin lortu zuten garaipena: 95 brila bota zituen Segurak; 87 brila Hernaniko Elur Txorik, hirugarren izateko; eta 86 brila Zerainek.

Emakumezkoetan, berriz, Vi­llabo­na­­ko Behar Zana izan zen txapeldun, 70 brila botata. 46 bri­la bota zituen Zerainek.

«Egoera berezian» zegoen bo­­­latokia, ereñotzuarrek kontatu du­tenez: «beherantzako joe­ra bat eman behar zitzaion, eta txu­kun botata ere, joan egiten zitzaizun, bola ez zelako ondo biltzen olaren kontra. Jendeak ez zuen asmatzen, eta gu moldatu ginen ondoen».

Denak aritu ziren maila onean, Ur Miako kideen artean. Ibon Miner eta Joxe Mari Etxebeste izan ziren finalista guztien artean onenak, bakoitzak 43 brila botata. Iñaki Minerrek 39 brila bota zituen, eta Leandro Minerrek 26. Elur Txoriren aldetik, Benito Loitegi ere primeran egokitu zen bolatokira, eta 40 brila bota zituen. 18 bota zituen Fernando Gallegok, 15 Fermin Zuloagak, eta 14 Patxi Loreakek.

Giro polita sortu zen finalean, eta formatuak ere lagundu zuen, zirrara bukaerara arte mantentzeko. Txandaka aritu ziren botatzen, eta erronda bakoitzean, talde bakoitzeko bolari batek egiten zituen bere zortzi tiraldiak. Edonola ere, Ibon Minerrek, Ur Miako azkenak, bere tiraldia bukatu zuenean, ziurtatuta zeukaten garaipena ereñotzuarrek, oraindik beste hiru taldeek txan­­da bana zeukaten arren.

Orain, Gipuzkoako Banaka­ko Bola Txapelketari ekingo diote. Igande honetan daukate aurreneko hitzordua, Urnietan; eta beste hiru tiraldi izango ditu txapelketak: azaroaren 14an Legazpin, 21ean Idiazabalen, eta hilaren 28an Aian.

Ur Miako lau bolariak, Behar Zanako laukotearekin batera, kopa jasota.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!