30 eurotik gorako erosketetan 10 euroko deskontua, zenbait dendatan

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 30a, 00:00

Euskadi Bono Denda kanpainaren barruan, Hernanin 36 saltoki daude aukeran eta Astigarragan, 2. Bonoak ez dira erosi behar.

Euskadi Bono Denda Eusko Jaurlaritzak bultzatutako bono-programa da. Horren barruan, hainbat abantaila eskaini dizkiete herritarrei zein bertako saltokiei. Hain justu, 30 eurotik gorako erosketetan, 10 euroko deskontua izango dute erosleek herriko zenbait dendatan.

Kontsumitzaileek, hala nahi izanez gero, bonoak erosketa bakar batean pilatu ahal izango dituzte; edo, bestela, hainbat erosketatan erabiltzeko aukera ere izango dute.

 

38 komertzio bailaran

Hernanin, 36 saltokitan aplika daiteke deskontua. Horien artean daude arropa-dendak, liburu-dendak, optikak, eta beste asko. Astigarragan, berriz, bi denda daude: Ezpela naturdenda eta Tranko hipika denda. Interesa izanez gero, zerrenda osoa ikusgai dago webgune honetan: www.euskadibonodenda.eus. Informazio gehiago behar izanez gero, bertan daude adierazita kanpainari dagozkion bestelako datu guztiak. 

Promozioa asteazkenean, hilaren 27an, jarri zen abian eta abenduaren 5ean amaituko da. Horrekin batera, jakin beharrekoa da bonoak ez direla erosi behar; ordaintzerakoan eskatu beharko dira kanpainari atxikitako edozein establezimendutan. Gainera, bonoak erabili ahal izateko, beharrezkoa da 16 urtetik gorako herritarra izatea. Pertsona bakoitzak gehienez 5 bono jaso ahal izango ditu, 50 euroko balioarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!