«Finalean edozer gertatu daiteke, eta izango dira akatsak ere... Urduri jartzen zaitu txapelketak»

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 30a, 00:00
Elur Txoriko Migel Burugain eta Ur Miako Leandro Miner, Benta Berriko bolatokian, Florida auzoan.

Bihar jokatuko da Gipuzkoako Taldekako Bola Txapelketaren finala, Donostiako Altzako bolatokian; eta bertan izango dira Urumea bailarako bi talde: Ereñotzuko Ur Mia, eta Hernaniko Elur Txori. «Badaukagu irabazteko aukera dexente», nabarmendu dute Leandro Minerrek eta Migel Burugainek, finalaren atarian.

Luze jo du, urte eta erdi pasatxo, bolatokiek bere eroritako brilen hotsa berreskuratu duten arte. Baina gogotsu heldu diote berriro lehiari, Gipuzkoako Taldekako Txapelketaren eskutik, Urumea bailarako bolariek. Gogotsu, eta baita sasoiko ere: finalean ariko dira Ereñotzuko Ur Mia eta Hernaniko Elur Txori, bihar goizean, Donostiako Altza auzoko bolatokian.

Segura eta Zerain ariko dira, beraiekin batera, txapela janzteko lehian. Eta badute irabazteko aukerarik, «dezente gainera». Hala uste dute Ur Miako Leandro Mi­nerrek eta Elur Txoriko Migel Burugainek. «Finalean edozer gerta daiteke. Batzuk besteak baino hobexeago aritzen dira, baina egun bakarrean, denak aritu daitezke ondo eta denek egin dezakete huts. Ezin da tirada aseguratzera joan, gainera; ahalik eta gehien botatzen saiatu behar da», azaldu du Minerrek. Eta horixe berretsi du Burugainek: «akatsak ere izango dira han! Finala izanda, konpromisoa daukazu, eta...».

Eta urduritasuna azaleratzen da horrelakoetan: «botatzera zoazenean, puntu batean askatu egin behar duzu bola, eta gertatzen da, askatzeko momentuan bola eustea! Urduritasuna hortxe dago. Oraindik ere urduri jartzen gara txapelketetan, hainbeste urteren ondoren. Baina futbolista profesionalei ere gertatzen zaie hori! Penaltia botatzerakoan, porterorik gabe denak sartuko dituzte; baina porteroa jartzearekin bakarrik, akaso zakurraren ipurtzulora bo­tako dute!», dio Leandrok.

«Jendea jartzen zaizu begira, eta bestea aurrean papera eta boligrafoa hartuta apuntatzen...Asko eragiten du horrek», kontatu du Burugainek: «denetarik ikusi dugu. Batzuek konfiantzarekin botatzen eta lasai botatzen dute horrelakoetan ere, baina oso gutxi dira horiek».

Horren adibide aipatu du Javier Erdozia, Leandrok: «duela 40 urteko kontua da hori. Toka apustu batean 1.000 duro jokatu, eta lasai demonio botatzen zuen! Eta aldiz, txapelketa batean laugarren postua jokatzen, 100 pezeta gorabehera, eta fitxak eskuetatik erortzen zitzaizkiola jartzen zen urduri! Hori dauka konpetizioak».

 

Formatu berriko txapelketan, formatu zaharreko finala

Txapelketak izan duen nobedade nagusia izan da formatu aldaketa: multzo ezberdinetan banatuta aritu dira taldeak, eta bi talderen artekoak izan dira partidak. Eta partida bakoitze­an, bolari guztiak elkarren kontra, norberaren taldearentzat puntuak pilatzeko, brila kopuru totala kontutan hartu gabe.

Finalean, ordea, formatu za­harrean ariko dira, gizonezkoen lau taldeak. Goizeko 08:00etan egingo dute zozketa, zehazteko zein ordenetan botako duten taldeek. 09:00ak arte izango dute bolatokia probatzeko aukera, eta orduan ekingo diote finalari, bi ordu inguruko lehian. Emakumezkoen bi taldeen artean, berriz, 11:30etan egingo dute ordenaren zozketa, eta 12:00etan hasiko dira botatzen, Billabona eta Zerain.

Leandro Miner, Iñaki Miner, Ibon Miner eta Joxe Mari Etxebeste izango ditu ordezkari Ur Miak; eta Fernando Gallego, Benito Loitegi, Patxi Loreak eta Fermin Zuloaga Elur Txorik. Migel Burugainek ez du tiraldirik egin txapelketan, min hartuta baitago: «baina suplentea behar izanez gero, neronek botako dut! Brila batzuk joko ditut oraindik, eta bota gabe ez gara geratuko behintzat!».

 

«Altzakoa bolatoki normala da, zuzen botatzekoa; baina horretan ere asmatu behar...»

Beti dauka zeresana, bolatokiak ere. Altzakoa «normala» dela dio­­te Leandrok eta Migelek, bola­toki ona: «zuzen bota behar da han, baina horretan ere asmatu behar da!». Ereñotzun, adi­bidez, beherantza botatzen ohituta daude: «eta horrela ezin da bota Altzan». Kontatu dute, gainera, aspaldi ez direla aritu bertan: «bolatoki hura prestatzen aritzen dena, 96 urteko gizon bat da. Pattal xamar dago orain, eta ez dakigu nola izango duten bolatokia».

Migel Burugain: «Hernanikoak bi talde ginen, eta biak sartu gara finalean. Eta badaukagu irabazteko aukera, dexente gainera. Gutako batek irabazi dezala»

Edonola ere, bolatokira egokitu beharko dute, beti bezala: «nolako bolatokian ohituta zauden arabera, horrelakoetan daukazu erraztasun haundiagoa. Nahi gabe ere, zure bolatokian bezala botatzeko joera daukazu besteetan». Eta olak ere eragina dauka; bolatokiaren hasieran dagoen egurrezko tablak, bola bertara botatzeko: «bakoitzak konfiantza haundia dauka bere olarekin. Baina ola bakoitzak norabide bat ematen dio bolari. Batzuek behera botatzen dute, eta beste batzuek gora».

Eta bolatoki ezberdinetara egokitzea, ez da lan erraza izaten: «batzuk errazago jartzen dira horretara, ahalmen hori daukate. Bada bat, Xeferino, denetan moldatzen dena ondo. Baina horrek asko probatzen du aurretik. Hori joan izan da goizean goiz, eta tiraldia hasi baino lehenago probatzen aritu; eta goizean apuntatu beharrean, eguerdian berriro probatu, arratsalderako apuntatu, eta berak bota azkena!», kontatu du Leandrok.

«Marjen gehiago» izaten dute bolatoki batzuek, eta pixka bat gorago edo beherago botata ere, ondo joan daiteke bola: «baina beste batzuetan, juxtu puntu ba­tera bota behar duzu, bestela pikutara joango zaizu! Lehengo bolariek oso ondo kontrolatzen zuten hori».

 

«Norberak irabaztea nahiago, baina bestela, hemengo talde batek irabazi dezala behintzat»

Ur Mia eta Elur Txori ziren bailarako talde bakarrak, eta biak sartu dira finalean. Eta pikea baino, elkarri babesteko joera daukate: «guk beti nahi dugu hemengo talde batek irabaztea. Norbera izatea nahiago, noski, baina bestela, irabazi dezala herriko talde batek». Badakite ondo jokatu beharko dutela horretarako: «bai guk, eta baita beste bi taldeek ere. Denok ezagutzen dugu elkar, eta edonork irabazi dezake». Zentzu horretan, Segura ikusten dute indartsu.

Leandro Miner: «Bolatokiak eragin haundia dauka. Nolakoan ohituta zauden arabera, erraztasun gehiago daukazu antzekoak diren horietan»

Txapelketan atzera begira, gustatu zaie formatu aldaketa, Minerri eta Burugaini: «batzuei polita iruditu zaie, eta beste batzuei aspergarria... Batzuk lege zaharrekoak dira, eta kosta egiten da aldaketak onartzen... Baina zerbait egin behar dugu, gazteak erakartzeko. Bestela, bukatzera dijoa bola, gu zahartzen ari gara eta. Federazioak bilatu du bolatokiei erabilera gehiago ematea. Izan ere, horrela bolatoki ezberdinetan jokatzen dira partidak. Eta saltsa ematen dio horrek. Orain arte, goiz eta arratsalde izaten ziren tiraldiak, eta askotan gertatzen zen, bakarkakoan, lehenengo geratu denak ez ikustea bigarrena botatzen. Pixka bat hotza izaten zen hori».

Biharkoak gutxi izango du hotzetik, final batek beti berotzen baitu giroa. Guztiek nahi dute jantzi, etenaldi luzearen ondoren jokoan den aurreneko txapela. Lehiak sortutako urduritasuna nork hobeto kontrolatuko, hortxe dago koxka...

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!