Izar Berriak aizkolari txapelketaren bigarren jardunaldia, astelehenean

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 30a, 00:00

Suharri Rodriguez 'Paolla' eta Axel Larrañaga arituko dira Azpeitiako Izarraitz pilotalekuan, bakoitza bere bikotearekin, 12:30etatik aurrera.

Joan den asteburuan eman zioten hasiera Izar Berriak aizkolari txapelketari. Bailarako hiru aizkolarik parte hartuko dute lehiaketan: Suharri Rodriguez Paolla ereñotzuarrak Jokin Urretabizkaia Basozabal izango du bikote, eta Axel Larrañaga hernaniarra, aldiz, Joxean  Etxeberriarekin arituko da.

Joan den asteburuko topaketa Basaurin izan zen, Artunduaga pilotalekuan. Fin-fin aritu ziren Paolla eta Basozabal, 15'24'' denborarekin, bigarren postuan amaitu baitzuten jardunaldia.Axel Larrañagak, ordean, 19'20'' markarekin, azken postuan bukatu zuen larunbateko proba.

 

Etzi, Azpeitian, Izarraitzen

Txapelketako bigarren jardunaldia etzi jokatuko da, Azpeitian. Eguerdiko 12:30etan jarri dute hitzordua, Izarraitz pilotalekuan.

Denera, hiru proba izango dira. Lehenengoa, erlojuz kontrakoa, 45 ontzako 2  enbor moztea izango da. Bigarrenean, abiadurakoan, 65 ontzako enbor bat moztu beharko dute. Azkenekoa, berriz, lan luzea izango da. 6 kanaerdiko moztu beharko dituzte, ahalik eta denbora motzenean.

Lehenengo jardunaldian, 4'29''-­ko denborarekin, Paolla eta Basozabal bizkorrenak  izan ziren bigarren proban, 65 ontzako enborra moztekoan. Oraingo honetan, txanda guztietan lehenengo amaitzea izango dute helburu.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!