Azpeitiko txapelaren bila Endika Barrenetxea, Loitegirekin batera

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 30a, 00:00

Finala jokatuko dute, Ansa II eta Martirenaren kontra, 22:00etan Izarraitz frontoian. Aritz Zubirik hirugarren posturako lehia izango du.

Gaur jokatuko dute Azpeitiko Txapelketaren finala, Izarraitz frontoian; eta bertan izango da Endika Barrenetxea hernaniarra, Julen Loitegi urnietarrarekin batera. Ansa II eta Martirena izango dituzte kontrario.

Gaueko 22:00etan hasiko da jaialdia, eta hirugarren posturako partidua jokatuko dute aurrena: Aritz Zubiri goizuetarra ariko da, Goikoetxea V lagun, Urrutia II eta Larrañagaren kontra. Eta ondoren izango da txapelketako final haundia, faborito argirik gabekoa.

«Izarraitz frontoia ezberdina da, eta han ez dago faboritorik. Galarretaren aldean, pelotak efektu ezberdinak hartzen ditu, eta abantaila ematen diete atzelariei, eta aurrelariei kalte egin, erreakziorako tarte gutxiago du­telako», azaldu du Barrenetxe­ak. Eta horrek, beraiei mesede egiten diela uste du, «Ansaren jokoa saihestea errazagoa» delako, Galarretan baino.

Gainera, Loitegi profesionaletan ia hasi berria izan arren, oso maila onean ari dela nabarmendu du: «ondo ari gara moldatzen. Joko aldetik maila altua ari da erakusten, eta oso ondo lantzen eta kudeatzen ditu tantoak eta partiduak», nabarmendu du.

Edonola ere, atzelari kontrarioaren lana ere goraipatu du hernaniarrak: «oso ondo ari da Martirena. Pelota ikaragarri ari da astintzen. Gainerakoak kontu haundiarekin gabiltza, besoa kizkurtuta; eta berak, berriz, inongo beldurrik gabe jotzen dio pelotari. Konfiantza haundiarekin ari da jokatzen».

Lau finalistek erakutsi dute sekulako maila txapelketan, eta ikuskizun ederra espero da gaur, Izarraitz frontoian.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!