Sailkapenean aurrera egiteko asmoz, zita garrantzitsua gaur Zubipen

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 30a, 00:00

Jubenilen Liga Nazionaleko taldearen partidua, Zubipen.

Jubenilen Liga Nazionaleko taldeak Eibar izango du aurkari, 16:00etan. Emakumezkoek, berriz, lidergoari eusteko hitzordua dute 12:00etan.

Partidu mordoa jokatuko dute berdeek zein moreek asteburu honetan, Zarumendegin, Zubipen, eta etxetik kanpo.

Hernaniren kasuan, Ohorezko Erregional mailako mutilek, bihar jokatuko dute, Allerruren aurka, Lezon, 16:30etan. Oraingoz, 10 punturekin, seigarren postuan dago Hernani. Sendo ari dira hernaniarrak, mailaz igotzeko helburuari eutsi nahian. Lezokoak, berriz, puntu bat gutxiagorekin, beheragoko postuetan daude sailkapenean. Hori horrela, norgehiagoka bizia espero da biharko.

Emakumezkoen Ohorezko    Erregional mailako taldeak, aldiz, etxean jokatuko du. Gaur dute hitzordua, eguerdiko 12:00etan, Mariñoren kontra. Orain arte, denboraldi bikaina egin dute berdeek, emaitza borobilak eskuratu baitituzte ia jardunaldi guztietan. Hain justu, Aritz Lujanbioren taldeak, 15 punturekin, lidergoa du oraintxe, sailkapen orokorrean; sei partidutik bakarra galdu dute Hernanikoek.

 

Zita garrantzitsua Zubipen gaur, jubenilen taldeak

Jardunaldi zailak izan dira orain artekoak, Jubenilen Liga Nazionaleko taldearentzat. Izan ere, zazpi partidu jokatu dituzte eta, horietatik, lau galdu eta hiru berdindu dituzte. Hiru punturekin, azkenengo postuan dago Hernani, eta sailkapenean aurrera egitea du helburu. Hori horrela, zita garrantzitsua da gaurkoa. Eibar izango dute aurkari, arratsaldeko 16:00etan, Zubipen.

 

Orioko aurrez aurre, Mundarrok

Astigartarrek ere izango dituzte norgehiagokak asteburuan. Gorengoen mailan, gizonezkoen taldeak atsedena du oraingoan. Datorren asteburuan, derbia jokatuko dute Mundarrok eta Hernanik, Zarkumendegin.

Emakumezkoen taldeak, berriz, etxetik kanpo jokatuko du jardunaldi honetan. Oriokoren aurka neurtuko ditu indarrak, gaur, 15:30etan Mendibeltzen. Joan den asteburuan garaipena lortu zuten moreek, eta indartsu helduko diote oraingoan ere, erritmoari eusteko asmoz.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!