Lidergoa jokoan gaur, Iturbek eta Azpeitiak

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 29a, 00:00

Hernaniarrek Ilunperen aurka neurtuko dituzte indarrak, 18:30etan hasita. Hernanin ere partiduak izango dira gaurkoan.

Partidu mordoa jokatuko dute bailarako pelotariek datozen egunetan. Gaur eta bihar izango dira norgehiagokak, eta Hernanin, Astigarragan, zein etxetik kanpo neurtuko dituzte indarrak.

Gaur, 18:30etatik aurrera, Xuban Iturbe eta Oier Azpeitia kadeteek Ilunpe klubaren aurka jokatuko dute, Azpeitian. Gainera, lidergoa mantentzeko, irabazi egin beharko du bikote hernaniarrak. Beraz, partidu interesgarria espero da, lehia bizikoa.

Horrez gain, beste hainbat partidu ere izango dira Hernanin, gaurkoan. Alebinek, infantilek zein kadeteek izango dituzte norgehiagokak. Lehenengoa Lier Zugastirena izango da, alebinetan, arratsaldeko 19:30etan hasita.

 

Partiduak Astigarragan, gaur    

Hernaniarrek ez ezik, esku pelotari astigartarrek ere partidu gehienak gaur jokatuko dituzte. Zenbait alebinek eta infantilek gaur dute hitzordua, arratsaldeko 19:00etan hasita. Imanol Ormazabalek indarrak neurtuko ditu Ugaitz Barriola hernaniarraren aurka eta Isastik Hernaniko Oier Macicior izango du aurrez aurre. Ondoren, nagusien mailan, pala partidua izango da Txomiñenen: Mundarro-Urnieta.

Bihar, berriz, partidu bakarra izango dute Mundarrokoek, kadeteen mailan.  Etxetik kanpo izango da, Izurunen kontra, Donostian. Ordua zehazteko dago oraindik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!