Pentsiodunak mobilizatuko dira bihar, Legebiltzarrean Legebiltzarrean

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 27a, 00:00

Deialdia egin dute «gure aldarrikapenen aldeko konpromiso irmoak eskatzeko, ez dugu hitz onik nahi, arazoak amaitzeko ekintzak nahi ditugu».

Astelehenean, pentsiodunak Nafarroako Parlamentuaren aurrean bildu eta gero, Euskal Autonomi Erkidegoko Legebiltzarraren aurrean egingo dute bihar mobilizazioa, Gasteizen. Euskal Herriko Pentsiodunen Mugimenduak egin du deialdia eta talde parlamentarioei «gure aldarrikapenen aldeko konpromiso irmoak eskatzeko; ez dugu hitz onik nahi, guk, beste belaunaldi batzuek, pertsona gisa, eragiten diguten arazoei amaiera emango dieten ekintzak nahi ditugu».

Urumea bailarako pentsiodunak mobilizazioetan parte hartzera animatzen dituzte. Euskal Herriko herri eta hiriburu guztietatik manifestaziora joango dira, «parlamentu-taldeei gure ustez ezinbestekoak diren eta berehala bete daitezkeen aldarrikapenak emango dizkiegu: pentsioen sistema publikoa eta haren finantzaketa bermatzea eskatzen dugu, bai eta pentsio publiko duinak ere; soldatetan eta pentsioetan dagoen genero-arrakala desagerrarazteko neurriak hartzea exijitzen dugu; 2010eko eta 2012ko lan-erreforma eta 2011ko, 2013ko eta baita 2021eko pentsio-erreformen alderdi atzerakoiak indargabetzea exijitzen dugu; gutxieneko pentsioa 1.080 eurora igotzea eskatzen dugu, eta Lanbide ateko gutxiengo soldata 1.200 eurora, Europako Gutun Sozialaren eskakizunetara hurbilduz; eta 40 urteko erretiro-aldia kentzea eskatzen dugu».

Horregatik manifestazio horietan egin duten eskaera eta biharkoan, Gasteizen, Legebiltzarraren aurrean egingo duten pentsiodunen lehenengo eskakizuna izango da,  «ordezkatzen gaituen Legebiltzar honek Estatuko gobernuari eta baita EAEkoari eta Nafarrokoari eskatzea, behar diren finantzaketa-neurri eta araudi guztiak har ditzatela aldarrikapen horiek bete daitezen. Berehala indargabetu behar dira aipatutako erreformak, eta soldatak, pentsioak eta bizi-baldintzak nabarmen hobetu behar dira, eta egungo zerga-politika aldatu behar da».

Era berean EHPMko kideek, Legebiltzarrari eskatzen diote, «pentsioen arloan eta gizarte-laguntzako eskumenak erabiliz, pentsiodunen diru-sarrerak 1.080 euroraino osatzeko eta mendekotasun publikoa, unibertsala eta doakoa artatzeko zerbitzu soziosanitarioen sare bat bermatzeko». 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!