LABek bi egunetarako grebara deitu ditu helduen egoitzetako langileak

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 26a, 00:00

Etzi eta azaroaren 12an izango dira eta LABek «egoitzetako egoera larria ezagutarazi eta irtenbidea eman» behar zaiola aldarrikatzen du.

Langileen, egoiliarren eta jendartearen defentsan, LAB sindikatuak bi greba egun deitu ditu, etzi ostegunean urriaren 28a eta azaroaren 12rako. «Egun horietan antolatuko diren mobilizazioetan parte hartzeko deia egiten dugu, ezinbestekoa baita denon inplikazioa egoera irauli nahi badugu».

Hernaniko egoitzan bi motatako langileak daude. Alde batetik laboralak, funtzionarioak direnak, horiei ez die grebak eragiten ez direlako herrialdeko hitzarmenean sartzen.

Beste alde batetik, gaueko zerbitzua eta eguneko zentroa eramaten du, azpikontratazio bidez, Eulen enpresak eta langile hauei bai eragiten diela grebak.

LAB sindikatuak adierazi duenez, «Gipuzkoako helduen egoitzetako egoera lotsagarria da, urteak daramazkigu sektoreko errealitatea zein den salatzen, baina erakunde eta enpresen jarrera ikusita, badirudi gatazka langile, egoiliar eta hauen senideena dela soilik. Baina guk zerbait argi badugu honakoa da: egoera honek jendarte guztiari eragiten diola».

Helduen egoitzetako sektorea zaintzan oinarrituta dago; jendarte honetako menpekotasuna duten pertsonei zuzenduta, hain justu. Horretaz gain, diru publikoarekin finantzatzen da. «Bada, pandemiaren eraginez bizi dugun krisiak modu gordinean utzi ditu agerian helduen egoitzetako gabeziak, berriak ez direnak. Langileak euren osasuna lanean uzten ari dira, modu prekarioan lan egiten dute, eta ordainetan, sektoreko arduradun Gipuzkoako Foru Aldundiak ez du egoera aldatzeko inongo asmorik erakutsi» salatzen du sindikatu abertzaleak.

LAB sindikatuak dioenez, «langileek, berriro ere, euren profesionaltasuna erakutsi dute eta egoera gogor zein latz honetan duten onena ematen ari dira, egoiliarrak maite dituztelako eta euren eskubideen defentsan ere borrokan jarraituko dutelako».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!