Martxan dago auzolanean abiatuta Errigoraren udazkeneko kanpaina

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 26a, 00:00

Auzolanean prestatu dituzte saskiak Ablitasen.

'Herriak egiten du herria' lelo hartuta, 2021eko 'Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka' kanpaina abiatu du Errigorak Ablitasen. Azaroaren 11ra luzatuko da eta Nafarroako produktuz osatutako hiru saski eskainiko dira.  

Herriak egiten du herria leloa izango du 2021eko Nafar hegoaldeko uzta euskarari puzka kanpainak. Pasa den larunbatetik azaroaren 11ra luzatuko den auzolan-ariketa erraldoi honetan Nafarroa hegoalde eta erdialdeko produktuz osatutako hiru saski eskainiko dira eta horien balioaren %25 zonaldeko euskalgintzari bideratuko zaio. 


Euskal Herriko txoko guztietako herritarrak bildu ziren Ablitasen, hain zuzen, auzolanean kutxak osatzen hasteko. Arratsaldean, berriz, 3.000 lagun bildu zituen kontzertua antolatu zuen Agerraldiak Tuteran. Egunotan, 200 herri baino gehiagotan ibiliko dira beste ehunka auzolangile kanpainaren berri ematen edo eskaerak jasotzen, eta, eskaerak egiteko sasoia bukatuta, milaka eta milaka kutxa banatzen.


«Milaka lagunen elkartasunari esker 2013tik 1.400.000 euro baino gehiago bideratu ditugu Nafarroa hegoaldean eta erdialdean euskaldunak sortzeko herritik jaiotako egitasmoak sustengatzera. Eta, aldi berean, diru ekarpen hori sortzeko bidea elikadura-burujabetzara pausuak emateko baliatu dugu», aipatzen dute antolatzaileek.


Agerraldia 2019an sortu zen eta sorrera norabide berean emandako pausu berria izan da. «Izan ere, denbora gehiegi joan zaigu Nafarroa hegoaldean eta erdialdean aldaketaren zain, egun seinalatu batean euskararen arazoak zerutik eroritako soluzio magiko batek konponduko balitu bezala». 


Urteotako diru ekarpena ezinbestekoa izan da bertako ikastolek eta AEK-k herritarrak euskalduntzen jarrai dezaten eta sare publikoan gero eta guraso gehiagok D ereduaren aldeko hautua egitea helburu duten Sortzenen kanpainak laguntzeko. 

Saskien eskaera, 'errigora.eus' webgunean eta 'kronika.eus' helbidean, lehiaketa
Saskiak eskatu daitezke errigora.eus webgunean eta  bestetik, lehiaketa antolatu du Kronikak, 'Egunean Behin'en estilora, baina Urumea bailara erdigunean jarrita. 10 galdera dira, eta edonork erantzun ditzake.


Bi sari ere izango dira, Doberako bazkide eta Kronikalarientzat: galdera gehien asmatzen dituzten bi bazkide edo Kronikalariek, Errigorako saski bana eskuratuko dute. Berdinketarik egongo balitz, zozketa egingo da horien artean, sariak banatzeko.


«Eta zuk, ondo ezagutzen duzu bailara? Zenbat asmatuko dituzu?».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!