Emaitza gazi-gozoak asteburuan, bailarako futbol taldeek

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 26a, 00:00

Astigarragaren eta Luberriren aurkako norgehiagoka, larunbatean.

Garaipen borobilak lortu dituzte astigartarrek zein hernaniarrek, baina porrotak ere egon dira

Partidu mordoa jokatu dituzte asteburu honetan, bailarako taldeek. Emaitza gazi-gozoak izan dira, ordea, horietako askorentzat. Dena den, azpimarratzekoak dira batzuen garaipenak. Hernaniko emakumezkoen eta gizonezkoen Ohorezko Erregional mailako taldeek Urola izan zuten aurkari, eta 0-5 eta 2-0 garaitu zituzten aurkariak, hurrenez hurren. Mundarrokoek ere izan dute garaipenik; emakumezkoen erregional mailako taldeak 3-2 irabazi zuen Luberriren kontrako norgehiagoka. 

Astigarragan, gizonezkoen gorengoen mailako taldeak Zumaiako izan zuen aurkari, eta 1-2 galdu zuen Zarkumendegin. Liderraren bisita izan zen, hain justu, larunbat arratsaldekoa. Partidua, hasieratik, lehia bizikoa eta borrokatua izan zen. Zumaiarrek argi utzi zuten lidergoaren arrazoia, bikain aritu baitziren zelaian; banaka, maila altuko jokalariak zirela erakutsi zuten, eta fisiko aldetik ere aldea sumatu zen bi taldeen artean. Hala ere, astigartarrek sendo eutsi zuten lehia, eta jokaldu onak egin zituzten. Lehenengoa zatian, ordea, Mundarro atzetik joan zen atsedenaldira, 0-1ekoarekin. Bigarren erdian, berdinketa lortzeko asmoz, indartsu sartu ziren zelaira Astigarragakoak. Dena den, 10 minuturen faltan, bigarrena egitea lortu zuten Zumaiakoek, eta, azken jokaldian, penaltiz sartu zuen Ivanek, Mundarroren alde.

Gorengoen mailan, ordea, poza izan zen nagusi. Emakumezkoen taldeak 3-2 garaitu zuen Luberri, etxean. Partidu borrokatua izan zen, baina etxekoek gogor egin zuten hasieratik, eta garaipeneko hiru puntuak lortu zituzten. 

Urolaren aurka, garaipen argiak asteburuan
Hernaniarrak ere, oro har, bikain aritu dira asteburuan. Ohorezko Erregional mailan, gizonezkoen taldeak 2-0 garaitu zuen Urola, Apaolazaren eta Olivenzaren golekin; eta emakumezkoek, berriz, 0-5 irabazi zuten Urola, Lorearen, Sararen eta Cesiaren hiru golekin. Jubenilen liga nazionaleko taldeak, ordea, 3-1 galdu zuen Galdakaoren kontra, Harriren golarekin.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!