Azpeitiko finalean, Barrenetxea eta Loitegi

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 26a, 00:00

B multzoko lider bukatu dute hernaniarrak eta urnietarrak, eta Ansa eta Martirena izango dituzte kontrario. 

Azpeitiko Txapelketaren finale­an izango da Endika Barrenetxea hernaniarra, Julen Loitegi ur­nie­tarrarekin batera. Joan den larunbatean, 40-29 nagusitu zi­ren Urrutia II eta Larrañagaren kontra, eta horri esker, B multzoko lider bukatu dute.

Bukaeran alde erosoarekin nagusitu arren, kosta egin zitzaien, Barrenetxeari eta Loitegiri. Urrutia eta Larrañaga izan ziren aurretik, 25garren tantora arte, 4-5 tantoren aldearekin. Bai­na hortik aurrera, martxa bat ge­hiago sartu zuen hernaniarrak, eta partidua hautsi zuen, be­reziki sakearekin min eginda. Gainera, eskuan pelotakada bat jaso zuen Urrutiak, eta nekea ere nabaritu zuten bukaeran.

Finalean, kontrario izango dituzte Ansa II eta Martirena. Larunbateko bigarren partidua irabazi zuten haiek, Urriza eta Labakaren kontra (35-40). Nahikoa zuten 32 tanto lortzea, baina maila ederrean aritu ziren Ansa eta Martirena. Sekulako konfi­antzarekin aritu zen Martirena, eta Ansak Urrizari eutsi ez ezik, nagusitu ere egin zitzaion azkeneko tantoetan. 31-29 izan ziren aurretik Urriza eta Labaka, baina azkeneko tantoetan, pelota bizi mugitu eta zuloak aurkitu zituzten urdinek, partidua irabazi eta finalera sailkatzeko.

Datorren larunbatean jokatuko dute finala, eta hirugarren posturako lehia ere izango da egun berean. Finaletik kanpo geratu ondoren, horretan ariko da Aritz Zubiri goizuetarra, Goikoetxea Vrekin batera, Urrutia II eta Larrañagaren kontra. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!