Asteburu gogorra bailarako esku pelotarientzat, Gipuzkoakoan

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 26a, 00:00

Partidu garrantzitsuak galduta, hainbat bikote geratu dira azken fasera sailkatzeko aukerarik gabe.

Ez du asteburu onena izan, Urumea bailarako esku pelotak; eta jokatutako partiduetatik, gehienak galdu dituzte hernaniar eta astigartarrek. Eta are gogorragoa izan da jardunaldia, porrot horietako batzuek eragin dutelako hainbat bikote geratzea Gi­puzkoako Binakako Txapelketaren azken fasera sailkatzeko aukerarik ga­be.

Hori da, esaterako, Hodei Exposito astigartarraren eta Markel Lizeaga hernaniarraren kasua, nagusien ohorezko mailan. Pagazperen kontra 22-13 galduta, mailari eusteko lehian aritu beharko du CD Hernaniko bikoteak, Mundarrok bezalaxe. Egoera berean daude Iñigo Urkizu eta Iñigo Labaka hernaniarrak, nagusien lehenengo mailan; eta Xabier Salaberria eta Xabier Ortiz de Urbina herrikideak, nagusien bigarren mailan: Oiarperen eta Lapkeren kontra galdu zuten, hurrenez hurren; eta mailari eusteko lehian aritu beharko dute bi bikoteek, datozen asteotan.

Iturbe eta Legarreta kadete­ek, ordea, bosgarren garaipena lortu zuten, Ilunperi 22-3 irabazita; eta partidurik galdu gabe, bere multzoko lider daude.
Infantil eta alebinak, aldiz, buruz buru ari dira Gipuzkoako Txapelketan; eta beraien kasu­an, ez dira hain txarrak izan emaitzak. Izan ere, garaipenak lortu dituzte Manex Alberdi, Joseba Arretxe, Oinatz Gaskon eta Ekhi Oses hernaniarrek, infantiletan; eta Aratz Labaka eta Oier Arsuaga hernaniarrek, eta Jon Ramirez eta Imanol Ormazabal astigartarrek, alebinetan.

Bestalde, Aimar Olaizola goi­zuetarrak azkenekoz jokatu zuen Azpeitian eta Iruñeko Labriten, ostiralean eta larunbatean. Eta biak irabazi zituen, Jon Mariezkurrenarekin: 22-11 Peña II eta Albisuri; eta 22-14 Laso eta Arangureni. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!