Inter de Mitenteren kontra galdu zuen Mundarrok, asteazkenean

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 23a, 00:00

Mundarroko Redondo, pasea emateko taldekide bila, aurreko partidu batean.

Bigarren zatian egin zien ihes partiduak Astigarragako mutilei. Hernani, Bosteko Irauliren kantxan gaur.

Asteburuko partidua aurreratu, eta asteazkenean jokatu zuen Mundarrok, mutilen Gipuzkoako lehenengo mailan. Eta ezin izan zuen lortu laugarren garaipena segidan: Inter de Mitente ligako liderraren kontra galdu zuten (67-59).

Primeran ekin zioten astigartarrek: 12 punturen aldea lor­tu zuten aurreneko laurdene­an (7-19), eta alde horri eutsi zio­ten, atsedenaldira iristerako (22-34). Baina atsedenetik bueltan, be­he­ra egin zuen Mundarrok, na­barmen. Hirugarren laurdenaren azkeneko minutuetan, lau puntura gerturatu zen Inter de Mitente. Eta azkeneko laurdenean, ez zioten gaizki ekin astigartarrek, baina ezinean aritu ziren azkeneko bost minutuetan, eta ihes egin zien garaipenak, azkenean.

Mundarroko neskek, berriz, atzo iluntzean zeukaten Gipuzkoako lehenengo mailako partidua, Astigarragako kiroldegian, Takeren kontra. Estreinako partidua galdu eta bi astez atseden hartu ondoren, aurreneko garaipena lortzeko asmoz kantxaratu ziren astigartarrak.

Hernaniko mutilak, Paco Yoldi kiroldegian gaur

Eta garaipenaren bila joango da Hernani ere, gaur arratsaldean, Donostiara. Paco Yoldi kiroldegian jokatuko dute, mutilen Gipuzkoako lehenengo mailako bosgarren partidua; eta Bosteko Irauli izango dute aurrean, arratsaldeko 18:00etan hasita.

Orain arte, garaipen bakarra lortu du Hernanik, lau partidutan, maila onean aritu arren. Bosteko Iraulik, berriz, bi partidu irabazi ditu, eta beste bi galdu.

Gainerako kategorietan, bi partidu jokatuko dira Hernaniko kiroldegian: mutil infantilena gaur, 10:00etan; eta mutil kadeteena bihar, 12:00etan. Astigarragako kiroldegian, berriz, Mundarroko mutil kadeteak ari­ko dira, gaur 10:00etan. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!