Garaipena bilatuko dute zaleen aurrean gaur, Mundarroko bi talde nagusiek eta Hernaniko mutilek

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 23a, 00:00

Zarkumenden ariko da Mundarro, nesken Ohorezko Erregional Mailan, denboraldiko hirugarren garaipenaren bila.

Zumaiako eta Luberri hartuko dituzte bi talde moreek, eta Urola talde berdeak. Hernaniko neskek, berriz, Zumarragan jokatuko dute bihar eguerdian, Urolaren kontra haiek ere, Ohorezko Erregional Mailako lidertza defendatzeko.

Makina bat futbol partidu jokatuko dira asteburu honetan, Zubipeko eta Zarkumendegiko zelaietan. Eta horietako hiru, talde nagusienak izango dira: etxean jokatuko dute Mundarroko neskek zein mutilek, Erregional Preferenteen Mailan; eta baita Hernaniko mutilek ere, Ohorezko Erregional Mailan.

Mundarroko mutilak izango dira jokatzen aurrenekoak. Eguerdiko 12:00etan daukate hitzordua, eta Zumaiako hartuko dute Zarkumendegin. Aurreko asteburuan Ostadarri irabazita (3-1), goiko postuetan sartu dira moreak; eta beste garaipen bat lortu nahi dute zaleen aurrean, gora egiten jarraitzeko. Ez dute partidu erraza izango, ordea: ligako liderra da Zumaiako, eta jokatutako sei partiduak irabazi ditu orain arte, 20 gol sartu eta bost bakarrik jasota.

Mundarroko neskek, berriz, arratsaldean jokatuko dute Zarkumendegin, 18:15etan hasita. Antigua Luberri hartuko dute, eta irabazi beharreko partidua daukate moreek. Izan ere, sailkapenean atzetik dago talde donostiarra, lau punturekin; eta sei dauzka talde moreak.
Eta arratsaldean izango da Hernaniko mutilen partidua ere, Ohorezko Erregional Mailari da­gokiona. 16:00etan jokatuko du­te, Zubipen, Urolaren kontra. Bere maila onena berreskuratu nahi dute berdeek, sailkapenean paretsu dagoen talde baten kontra: 8 punturekin dago Urola, eta 7 punturekin Hernani. Puntuak hirunaka pilatzen hasi behar dute hernaniarrek, joan den urtean gertu izan zutena lortzen saiatzeko berriro: hirugarren mailara igoera.

Hernaniko neskek, lidertzaren defentsa Zumarragan

Dagoeneko bere maila onenean ari direnak, Hernaniko neskak dira, Ohorezko Erregional Mailan. Aurreko astean Lagun Onak liderrari irabazita, berdeek hartu zuten ligako lidertza, eta ho­rri eutsi nahi diote asteburu honetan. Asmo horrekin joango dira Zumarragara, bihar eguerdi­an: Urolaren kontra jokatuko dute, 12:00etan. Orain arte jokatu dituen lau partiduetan, bi puntu besterik ez ditu Urolak; baina edozein kontrario da arriskutsua, bereziki etxetik kanpo. Aurreko astean erakutsitako mailan aritu beharko dute berdeek berriro, hiru puntuak lortzeko

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!