Maria Iparragirre goizuetarrak 100 urte beteko ditu gaur

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 22a, 00:00

Hernanin bizi da 24 urte zituenetik, eta Adarraga txokolaterian aritu zen lanean hamarkada luze batez, gazte garaian. Udalaren bisita jasoko du.

Beste urtebetetze oso berezi bat izango da bailaran, gaurkoan. Eta oraingoan, bi herritan izango dute zer ospatua: 100 urte beteko ditu Maria Iparragirre goizuetarrak, gaur egun Hernanin bizi denak.

Bere gurasoek, Karmelok eta Paulak, hiru seme-alaba izan zituzten, eta erdikoa izan zen Maria. Gazte garaian, hamarkada luze batez aritu zen la­nean Adarraga txokolaterian, eta 24 urte zituela, Hernanira mugitu zen bizitzera, bere senarrarekin batera. Hiru seme-alaba izan zituzten, eta gaur egun, bilobak eta birbilobak ere baditu Maria Iparragirrek.

Oso emakume aktiboa izan da Maria beti, eta oraindik ere, ahal den guztietan ateratzen da kalera, osasunak horretarako au­kera ematen dionean. Bereziki gustatzen zaio paseatzea.

Urteurren borobilean, ospakizunarekin bat egin nahi izan du Hernaniko Udalak, eta bisita egingo diote udal ordezkariek etxera, Maria zoriontzeko eta lore-sorta bat emateko.

100 urte bete ditu Maria Iparragirre Elizaldek nortasun agirian jartzen duen jaiotze datari begiratuz gero. Hala ere, Goizuetan, bere jaioterrian, egindako ikerketa lan batek 1919ko urriaren 21ean jaio zela ondorioztatzen du artxibo batzuetan oinarrituta, Hernaniko Udalak aitzera eman duenez.  

Zalantzatik onura ateratzeko, familiartekoek Mariaren mendeurrena bi aldiz ospatzea erabaki dute, duela bi urte ospatu zuten eta gaur ere ospatuko dute.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!