Langileko dozenaka ikasle, Kronikara bisitan

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 19a, 00:00

Joan den ostegunean, Kronikako bulegoa bisitatu zuten Lehen Hezkuntzako bosgarren mailako ikasleek. 

Joan den asteko osteguna berezia izan zen Kronikako kideontzat zein Langile Ikastolako ikasleentzat. Izan ere, Kronikara bisita egin zuten bosgarren mailako ikasleek eta euskera irakasleek. Denera, 75 ikasle inguruk ezagutu zuten bulegoa, eta, horrekin batera, egunkariaren nondik norakoak azaldu genizkien.

Ikasgela bakoitza bi multzotan banatu eta sei txanda prestatu genituen. Horrela, pixkanaka sartu ziren erredakziora. Lehenik, azalpen txiki bat jaso zuten eta, ondoren, inprimaketa nola egiten dugun azaldu genien. Horrez gain, bitxikeriaren bat partekatzeko denbora ere izan genuen.

Esanak esan, pozgarria da guretzat bailarako ikasleak gurean izatea. Agian, etorkizuneko kazetariak, publizistak, administrariak, Doberako langileak edota Kronikalariak izango dira gazte hauek. Auskalo! Baina, behintzat, haiek gure berri izatea eta egunerokoan zer egiten dugun azaltzeak gogoz betetzen gaitu. 

Langile Ikastolako 5B mailako ikasleak. 
 
Langile Ikastolako 5C mailako ikasleak.
Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!