Azpeitiko Erremonte Txapelketaren bigarren jardunaldian Barrenetxea IV.a eta Zubirik irabazi egin zituzten euren partiduak. Hori bai, nahiz eta irabazi Goikoetxea V.a eta Zubiri kanporatuak izan dira. Aldiz, Loitegi eta Barrenetxeak finalera sartzeko aukerak dituzte.
Bigarren jardunaldiko lehenengo partiduan Loitegik eta Barrenetxea IV.ak 40-33 irabazi zieten Segurola eta Aizpuru III.ari. Emaitza horrekin Segurola eta Aizpuru Torneotik kanpo geratu dira ligaxkako bi partiduak galdu ondoren. Orain finalerako txartela datorren larunbatean jokatuko dute Loitegik eta Barrenetxeak Urrutia II.arekin eta Larrañagarekin. Irabazlea finalista izango da. Barrenetxea izan zen onena 26 tanto egin zituelarik, 12 peloteoan eta 14 saketik.
Garaipen gazi-gozoa
Jaialdiko bigarren partiduan Goikoetxeak eta Zubirik 30-40 irabazi zieten Urriza eta Labakari. Urdinek iragan asteko arantza atera zuten, baina finalerako sailkatzeko aukerarik ez dute hiru punturekin. Urrizak eta Labakak zero puntu dituzte eta Ansa II-Martirenak lau. Bi bikoteetako batek gutxienez lau puntu lortuko ditu datorren asteko norgehiagokan.
Zubirik partidu bikaina jokatu zuen. Goikoetxeak ere hobera egin zuen aurreko astearekin alderatuta eta Urriza, aldiz, deseroso sentitu zen. Kostata egokitu zen frontoira, eta 25. tantotik aurrera min zuela zirudien. Eskuineko bikian uzkurdura batekin herrenka amaitu zuen partidua. Goikoetxea eta Zubiri 4-12 irabazten hasi ziren, baina Urrizak eta Labakak partidua berdindu eta 17-15 aurreratu ziren. Urdinek eutsi egin zioten eta une zailetan aurrerapausoa eman zuten jokaldi onekin arriskatuz.