Lagun Onaki irabazita, lider jarri da Hernani, nesken Ohorezko Mailan

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 19a, 00:00
Leire Juanes, pase bat ematen, larunbatean Lagun Onaken kontra.

2-1 nagusitu ziren Zubipen, orain arte lider zenaren kontra. Mundarroko mutilek ere, garaipena.

Garaipen haundia lortu zuen Hernanik, larunbatean, nesken Ohorezko Erre­gional Mailan: 2-1 nagusitu zitzaion Lagun Onaki, orain arteko liderrari; eta horrekin, sailkapeneko lider jarri da talde berdea.

Hasieratik aritu ziren ondo bi taldeak, eta parekatua izan zen aurreneko zatia. Baina atearen aurrean, hernaniarrek asmatu zuten gehien: 20garren minutuan lortu zuen aurreneko gola Eider Gonzalezek, eta bigarrena ere sartu zuen Leire Olasagastik, atsedenaldiaren au­rretik. Izan zituzten aukerak azpeitiarrek ere, baina sekulako mailan aritu zen Dunixe Berlanas atezain hernaniarra. Bigarren zatian, berriz, nagusi izan zen talde berdea, eta izan zituen gol aukera garbiak. Baina 84garren minutuan aurreneko gola lortu zuen Lagun Onakek, eta hortik gutxira, jokalari bat gutxiagorekin geratu zen Hernani. Tentsio haundikoak izan ziren azkeneko minutuak, baina garaipena ziurtatzea lortu zuten azkenean.

Hernaniko mutilek, ordea, porrota jaso zuten Errenterian, Touringen kontra (1-0).

 

Mundarroko mutilek irabazi, eta neskek galdu

Etxean aritu dira Mundarroren bi talde nagusiak, asteburu honetan; baina oso bestelako emaitzak lortu dituzte. Porrota gogorra jaso zuten neskek: 0-5 galdu zuten, Antiguokoren kontra.

Mutilek, ordea, garaipen ga­rrantzitsua lortu zuten, kontrario zuzen baten aurrean: 3-1 nagusitu zitzaizkion, Ostadarri. Aldapa gora jarri zitzaion partidua Mundarrori, bosgarren minutuan aurreratu baitzen Ostadar. Baina buelta eman zioten kolpeari, eta bigarren zatian, al­daketek eman zieten frexkotasunarekin, minutu gutxitan irauli zuten markagailua: penaltiz berdindu, eta jokaldi azkar batean aurrea hartu. Hortik aurrera, lasaiago aritu zen Mundarro, eta penaltiz lortu zuen hirugarren gola ere, ordu laurden falta zela.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!