Hodei Lujanbio primeran, Urdazubiko bi lanetan

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 12a, 00:00
Hodei Lujanbio, Urdazubin.

Sailkapen nagusia irabazi zuen goizuetarrak, gaueko lasterketan bigarren eta egunekoan laugarren eginda.

Beste asteburu batez, mendi lasterketen lehiarekin jarraitu du Hodei Lujanbio goizuetarrak; eta beste behin aritu da onenekin. Oraingoan, gainera, zita bikoitza izan du Urdazubin, Kontrabandisten Lasterketan: aurrena, Gaueko Lanak izeneko lasterketa egin zuen, larunbat gauean, 9,5 kilometrokoa; eta ondoren, igande goizean, 21 kilometrokoa.

Bigarren izan zen Lujanbio, gaueko proban, 50:45 denborare­kin. Jon Ridruejo izan zuen se­gun­du batzuk aurretik (50:29). Eta maratoi erdian, laugarren sailkatu zen goizuetarra, 1:49:10 denborarekin. Aurretik izan zituen Ander Iñarra (1:43:22), Iñigo Macias (1:45:02) eta Damien San Martin (1:46:26). Hiru horiek, ordea, ez zuten parte hartu larunbat gaueko proban, eta beraz, sailkapen nagusian garaile izan zen Hodei Lujanbio, bi probetako denborak batuta.

 

Ibai Alba seigarren, Hiru Hondartzetako Krosean

Mendian ez ezik, errepidean ere aritu dira bailarako korrikalariak, asteburu honetan. Hiru Hon­dartzetako Kros ezagunean aritu dira, Donostian, 10 kilo­me­troko ibilbidearekin. Eta as­ko izan dira, parte hartu duten her­naniar eta astigartarrak. Ze­­haz­ki, 28 hernaniar eta 27 astigartar aritu ziren bertan.

Horien artean, Ibai Alba hernaniarrak lortu zuen denborarik onena (32:20), eta seigarren postuan bukatu zuen lasterketa. Oso aurrean ibili ziren Alexander Iturralde (24garren, 35:01), Ander Salaberria (75garren, 37:34), Julen Gaztañaga (95garren, 38:24)  eta Jon Otxotorena (109garren, 38:49) herrikideak ere. Emakumezkoen artean, 29garren sailkatu zen Maider Martin (44:51).

Helmugan aurreneko astigartarra, berriz, Sergio Garzo izan zen, 77garren, 37:40 denborarekin; eta 125garren sailkatu zen Ander Rengel (39:14). Libe Lafuente izan zen aurreneko emakumezkoa, 71garren (48:52).

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!