Bueltan dira Tokikom Sariak, seigarren edizioarekin, «tokiko komunikabideetan egiten den eta sarritan ezkutuan geratzen den kazetaritza lan aparta aldarrikatu eta gizarteratzeko asmoz». Tokikomek antolatzen ditu sariak, toki komunikabideen bateraguneak, Eusko Jaurlaritzaren, Nafarroako Gobernuaren eta Gipuzkoako zein Bizkaiko Foru Aldundien babesarekin.
Eta aurtengoan, dagoeneko aukeratu dituzte bederatzi lan finalistak, kategoria bakoitzeko hiru: azalik onena, edukirik onena, eta ikusentzunezkorik onena. Urtero bezala, komunikazioaren munduko adituek osatutako epaimahaia arduratuko da hiru sari horiek banatzeaz, «azkeneko urtean euskerazko tokiko komunikabideetan argitaratutako lanik onenak aitortzeko». Oraingoan, epaimahaia osatuko dute Euskal Herriko Unibertsitateko Maria Gonzalez Gorosarrik eta Edorta Aranak, eta Mondragon Unibertsitateko Amaia Pavonek.
Aurkeztutako 57 lanen artean, dagoeneko egin dute aurreneko aukeraketa, bederatzi finalistak hautatzeko. Edukirik onenaren saria jasotzeko, hiru erreportaje aukeratu dituzte: Etxepeko turistak, Urolako Komunikazio Taldearen GUKA gehigarri berezian argitaratutakoa; Etxerreko putzua eta Hego Uribeko uren altxorrak, Geuriak argitaratu zuena; eta Zein da zurea?, Maxixatzenek goitizen eta ezizenei buruz egindako erreportajea.
Azalik onenaren saria jasotzeko, berriz, honakoak dira hiru finalistak: Maxixatzenek Maritxu Errazkini eskaini ziona, Aldalur autobus konpainiaren sortzaileetako bati; Guaixek udako zenbaki berezirako landu zuena; eta Karkarak Orioko nesken traineruari eskaini ziona, Kontxako Bandera irabazi zuenean. Eta azkenik, beste hiru hautatu dituzte, ikusentzunezko onenaren saria jasotzeko: Goienaren Hala Bazan; Goierri Irrati Telebistaren Ateak itxi, lehioak ireki; eta Geuriak bideoari egunerokoan ematen dion trataera berezia, lan jakin bat baino, trataera orokorra bilduta.
Lan guztiak daude ikusgai, Tokikomen webgunean bertan (tokikom.eus), eta tokiko komunikabideen webguneetan, baita Kronikarenean ere (kronika.eus).
Komunitatearen Saria bozkatzeko epea zabalik, urriaren 20ra arte
Baina lanak ikusteko bakarrik ez, bozkatzeko aukera ere izango dute herritarrek. Izan ere, aurreko urtean bezala, beraiek banatuko dute laugarren sari berezi bat: Komunitatearen Saria. Epaimahaiak proposatutako bederatzi finalisten artean, bat aukeratu beharko dute, eta publikoaren boto gehien eskuratzen dituen lanak jasoko du Komunitatearen Saria. Horrela, «bere ahotsa» eman nahi diote, «tokiko komunikabideetan hainbesteko pisua duen komunitateari», nabarmendu dute.
Botoa emateko ere, internet bidez izango da aukera, Tokikomen zein tokiko hedabideen webguneetan. Kronikaren webgunean, atal berezi bat daukate Tokikom Sariek, eta bertan ikusi daitezke lanak, eta baita botoa eman ere.
Horregatik, gonbidapena luzatu die Tokikomek, euskerazko komunikabideen irakurle, ikus-entzule eta erabiltzaile guztiei, bozketan parte hartzeko: «alde batetik, modu polita delako norbere gertuko komunikabideari babesa eta aitortza eskaintzeko; eta bestetik, ziur gaudelako jende askok sorpresa atseginak hartuko dituela, aukeratutako lanen kalitatearekin», adierazi du Joxe Rojasek, Tokikomeko komunikazio arduradunak.
Kronikak ez du finalistarik izango aurtengoan, duela bi urte edukirik onenaren saria eskuratu ondoren, Urik gabeko urtegi, orain laborategi erreportajearekin, Artikutzako urtegia hustu zutenekoa. Baina deia luzatu die Kronikaren irakurle eta erabiltzaileei, finalista diren lanak deskubritzeko, eta botoa emateko, Komunitatearen Saria gehien merezi duenari.
Urolako Komunikazio Taldearen Etxepeko turistak lanean, esaterako, erreportaje mardula aurkituko dute irakurleek. Euskal kostaldeko turismoaren bilakaera landu dute bertan, hainbat ikuspuntutatik aztertuta. Etxebizitza turistikoen gaia luze eta sakon jorratu dute, datuak emanez eta inplikatutako hainbat protagonistaren testigantzak jasoz.
Seigarren edizioa dute Tokikom Sariek, «tokiko komunikabideetan egiten den eta sarritan ezkutuan geratzen den kazetaritza lan aparta aldarrikatu eta gizarteratzeko»
Geuriaren Etxerreko putzua eta Hego Uribeko uren altxorrak ale bereziak, berriz, uztartzen ditu fenomeno globalak (aldaketa klimatikoa, kontsumismoa, hirigintza), maila lokalean duten isladarekin. Eskualdeko ondare hidrologikoaren berri ematen du, hainbat aditu eta iturriren bitartez; eta alde grafikoari ere pisu nabarmena eman dio, ale horren portadak berak erakusten duen bezala. Testuak ez ezik, infografiak, bideoak, argazkiak, ilustrazioak... baliatu dituzte, lana borobiltzeko.
Eta Maxixatzenen Zein da zurea? erreportajeak, gai polita eta bertakoa jarri du mahai gainean: izen propioek baino garrantzi haundiagoa duten goitizen eta ezizenak. Horretarako, ezizen ezaguna duten zortzi familiarekin elkartu da Maxixatzen, eta Azkoitiko tradizioaren inguruko lana osatu du, bertako izaerari eta kultura zein gizarte ondareari balioa emanez.
Ikusentzunezko lanetan ere, gai interesgarriak jorratu dituzte hiru finalistek. Goienaren Hala Bazanek, Arrasate Telebistaren 90eko hamarkadaren hasierako artxiboko irudiekin osatu du saioa, gertuko historiari errepasoa emateko. Goierri Irrati Telebistaren Ateak itxi, leihoak ireki ikusentzunezkoak, berriz, hainbat herritarren bizipenak eta oroitzapenak bildu zituen, Covid-19ari aurre egiteko itxialditik urtebetera. Etxealdiko esperientziaren ikuspegi ederra eskaintzen du lanak. Eta azkenik, Geuriaren kasuan, egunerokoan bideoei ematen dien trataera ikusteko aukera dute erabiltzaileek. Papereko edizioko edukiak sare sozialetan presente egoteko egiten duen apustua eta hori ikusentzunezko piezen bidez lortzekoa aitortu du epaimahaiak.
Sari banaketa, azaroaren 12an
Joan den urtean, Covid-19aren pandemia tarteko, ez zen aukerarik izan ekitaldirik antolatzeko, sarituei errekonozimendua egiteko. Baina aurten bai, berreskuratuko dute ekitaldia. Azaroaren 12an egingo dute Tokikom Sarien banaketa, ostiralarekin. Jardunaldi batzuen baitan izango da, tokiko komunikabideen erronken ingurukoa. Ekitaldi horren xehetasunak, aurrerago jakinaraziko dituzte.