Alize Sagardui eta Axel Salaberria, txapeldun

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 12a, 00:00

Alize Sagardui eta Axel Salaberria, alde banatan, oroigarriarekin, Goizuetako frontoian

Mendialdeko Buruz Buruko Txapelketa irabazi dute neska eta kimu 2 mailan. Egoitz Elizegi eta Oihan Legarreta bigarren geratu dira. 

Umore Onako Alize Sagarduik eta Axel Salaberriak Mendialdeko Buruz Buruko 3. Pilota Txapelketa irabazi zuten igandean, Goizuetako frontoian. Alize Sagarduik neska mailan irabazi zuen Aurrerako Imazen aurka 18-2 irabazi eta gero.  Axel Salaberriak ere nahiko erraz lortu zuen garaipena kimu 2 mailan, 18-6, Aurrera taldeko Dorronsororen aurka. 

Oihan Legareta Iker Salaberriari helduta, Betelun.

Egoitz Elizegi, Oinantz Bengoetxearen alboan, Leitzako Amazabal frontoian.
 

Leitzan, Aldatzen eta Betelun  ere izan ziren finalak; eta, bertan, beste bi goizuetarrek hartu zuten parte. Egoitz Elizegik gertu izan zuen garaipena Leitzan, gazte mailan, baina azken tantoa Aurrerako Mateorenak egin zuen eta 18-17 irabazi zuen. Azpitxapeldun geratzea emaitza ona da. Betelun ere Oihan Legarreta azpitxapeldun geratu zen, kadete 1 mailan, finalean Larraungo Sotilen aurka 18-2 galdu eta gero. 

Aldatzen ez zen goizuetarrik aritu.


Guztira, hamaika final jokatu ziren lau frontoietan banatuta eta goizuetarrak horietatik lauetan egotea eta bi irabaztea emaitza aipagarria da. Hala ere, garrantzitsuena sorturiko giroa eta txapelketa lagunartean jokatzea izan da.

Iker Salaberriak galdu lau t'erdikoan eta Aimar Olaizolak azkenengo partidua, Astelenan
Pilotari goizuetarrekin jarraituz,  Iker Salaberriak galdu egin zuen Promozio Mailako Lau T'erdiko lehendabiziko partidua. Javier Zabala errioxarrak 22-12 garaitu zuen Altsasun eta ez zuen punturik eskuratu. 


Igandean, Eibarreko Astelenan, Aimar Olaizolak katedralean azkenengo partidua jokatu zuen, Albisurekin batera, baina horiek ere 22-11 galdu zuten Irribarria eta Rezustaren aurka. 

Jardunaldi zaila Hernaniko pelotarientzat
Bestetik, jardunaldi zaila izan zuten asteburuan C.D. Hernaniko pelotariek une honetan jokatzen ari diren txapelketa ofizial eta pribatuetan. 4 garaipen eta 8 porrot izan zen jardunaldiko azken balantzea. Gipuzkoako Txapelketan, Iturbe eta Azpeitia kadeteek eta Apaolaza eta Lasa seniorrek lortu zituzten emaitzarik onenak. 


Bi bikoteek berriz irabazi zuten lurralde mailako torneoan eta txapelketan partidurik galdu gabe jarraitzen dute.


Jara-Etxarri eta Deskarga-Urdanpilleta gazteen garaipenak ere azpimarratu behar dira. 


Emaitza txarrenak Pascual-Alberdi kadeteek eta Uitzi - Altuna seniorrek lortu dituzte. Izan ere, bi bikoteek ezin izan dute partida bat irabazi oraindik txapelketan.


Manterola-Alegria jubenilen eta Exposito-Lizeaga, Urkizu-Labaka eta Salaberria-Ortiz de Urbina seniorren porrotak ere txarrak izan ziren. Bikote gazteak lehendabiziko partidua galdu du. Senior mailako 3 bikoteek bigarren porrota jaso dute txapelketan, nahiz eta oraindik euren esku izan helburu horiek lortzea.  

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!