Gol bateko aldearekin, Mundarrok lortu zuen garaipena kadeteen derbian

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 12a, 00:00

Hernaniko jokalaria baloia jaurtitzen, Mundarroko defentsaren aurrean.

Denera, bailarako 6 taldek izan zituzten norgehiagokak. Mundarrok 25-26 garaitu zuen Hernani.

Martxa hartuta daude dagoeneko, bailarako eskubaloiko taldeak. Hernanik zein Mundarrok izan zituzten partiduak ostiralean, larunbatean eta igandean, eta emaitzak denetarikoak izan dira. Batzuk garaipena lortu badute ere, gehienek galdu egin dute asteburuko jardunaldian. 


Protagonista izan dira kadete mailako nesken taldeak. Izan ere, derbia izan zen Hernaniko kiroldegian, joan den ostiralean. Hernanik Mundarroren aurka neurtu zituen indarrak, eta garaipena, azkenean, astigartarrek lortu zuten. Gainera, oso partidu parekatua izan zen, eta azken emaitzak ere horixe bera erakutsi zuen. Hain justu, 25-26 itxi zen markagailua Astigarragakoen alde. Momentu batzuetan, 16-15koan, esaterako, Hernanikoek hartu zuten aurrea. Eta horrelaxe aritu ziren bi taldeak azken minuturarte; batek gola egitea lortzen zuenean, besteak ere segituan lortzen zuen tantoa gehitzea. 

Hernaniko garaipen bakarra, jubenilen mailako taldearena
Guztira, Hernaniko 5 taldek izan dituzte norgehiagokak jardunaldi honetan. Hala ere, emaitzak ez dira guztiz onak izan, eta zapore gazi-gozoa izan da nagusi, kirolari hernaniarrentzat. Guztien artean, soilik lortu zuen irabaztea jubenil mailako mutilen taldeak. Ormaiztegiren kontrako lehian, aurkariak garaitu zituzten 22-35ekoarekin. 


Bestelakoan, senior mailako mutilek 34-24 galdu zuten Lezon Munttarperen aurka. Jubenil mailako neskek, 25-26 amaitu zuten Legazpiren aurka. Gol bakar bateko aldea izan zen azken emaitzan, eta, horrenbestez, lanean jarraitzea besterik ez zaie gelditzen hernaniarrei. Azkenik Zumarragan, kadete mailako mutilek ere galdu egin zuten Urolaren kontrako partiduan; markagailua 38-19ko emaitzarekin itxi zen etxekoen alde

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!