Ohorezko Erregional mailan, emakumezkoen taldeak garaipen borobila lortu zuen Zumaian, larunbatean

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 12a, 00:00
Mikel Lizarazu, Mondragonen kontrako norgehiagokan, joan den larunbatean.

Hernaniarrek 0-4 garaitu zituzten Zumaiakoak. Gizonezkoen lehenengo taldeak, 0-0 berdindu zuen Mondragonen aurka. Protagonista izan zen Mundarroko Gorengoen mailako emakumezkoen taldea: 1-5 garaitu zuen Intxaurdi, etxetik kanpo.

Asteburu honetan ere  norgehiagokak izan ditute Hernaniko zein Astigarragako futbolariek. Garaipen argiak lortu dituzte zenbait taldek, baina, porrota jaso dute, ordea, beste hainbatek. Protagonistak izan dira, ezbairik gabe, Hernaniko emakumezkoen Ohorezko Erregional mailako taldea eta Mundarroko Gorengoen mailakoa. Hain justu, berdeek 0-4 irabazi zuten Zumaiakoren kontra, Amaiaren, Cesiaren, Leireren eta Malenen golekin. Mundarrokoek, aldiz, 1-5 garaitu zituzten Intxaurdikoak, Cesar Benito zelaian. Emaitza horiekin, hiru puntu batu zituzten bi taldeek, sailkapen orokorrean.


Aipatu moduan, emaitzak ez ziren hain onak izan gainerako taldeentzat. Zubipen, Ohorezko Erregional mailan, gizonezkoen taldeak Mondragonen kontra neurtu zituen indarrak. Berdeek gola egiteko aukerak izan bazituzten ere, zortea ez zen etxekoen alde agertu. Horrela, 0-0ko berdinketarekin itxi zen markagailua. 


Bestalde, Jubenilen Liga Nazionalean, Hernaniko taldeak 4-2 galdu zuen Leioaren aurkako norgehiagokan. Harrik eta Pierrek egin zituzten partiduko golak, baina ez ziren nahikoa izan, berdeek ez baitzuten lortu garaipena etxera ekartzea. 

Gorengoen mailako mutilen taldeak porrota, Tolosan
Sailkapenean bigarren sailkatuari, Tolosari, egin zioten bisita moreek igande eguerdian. Erritmo altuko partidua izan zen eta Astigarragakoek maila ona erakutsi zuten. Edonola ere, etxekoak izan ziren nagusi, eta  2-0 garaitu zituzten Astigarragakoak. 


Lehen minutuetan lehia berdindua izan zen arren, gutxinaka, tolosarrek topaketako aurrea hartu zuten. Are gehiago, etxeko jokalarien mugikortasuna haundia izan zen eta, erritmo horretan, jokaldietako batean, aurrelariaren mugimendu ona aprobetxatuta, baloia porteria aurrean utzi eta igandeko lehenengo gola egitea lortu zuten Tolosakoek. 


Bigarren zatian, moreak indarberrituta bueltatu ziren zelaira. Aukerak izan zituzten berdinketa lortzeko, baina, taldea fin-fin ari zenean, Tolosakoek bigarren gola sartu zuten zelai erditik, eta emaitza horrekin amaitu zen norgehiagoka. 

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!