Bulegoak martxan, TicketBAIri buruzko zalantzak argitzeko

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 10a, 00:00
Jokin Peron Ogasun eta Finantza diputatua, bulegoetako bat bisitatzen.

Aurrez aurreko arreta zerbitzua jarri du Gipuzkoako Foru Aldundiak, TicketBAI sistema erabiltzera behartuta daudenei laguntzeko.

Borondatezko epean dago, une ho­netan, TicketBAI proiektua, hiru foru aldundiek eta Eusko Jaurlaritzak martxan jarri dutena. Horren bitartez, jarduera ekonomiko bat burutzen duten pertsona fisiko eta juridiko guztiek erabili beharko dute fakturazio-software bat, baldintza jakin batzuk beteko dituena.

2021 urtean zehar, borondatezkoa da sistema berria erabiltzen hastea, baina derrigorrezkoa izango da 2022an. Epe bat ze­haztu dute, arlo profesional bakoitzeko: urtarrilaren 1etik erabili beharko dute zerga-kude­aketako profesionalek: martxoaren 1etik, jarduera profesionaletan aritzen direnek; ma­iatzaren 1etik, txikizkako merkataritza, ostalaritza eta ostatuek; urriaren 1etik, eraikuntza, higiezinen sustapena, garraioa, eta aisialdiko, kulturako eta arlo pertsonaleko zerbitzuak garatzen dituztenek; eta abenduaren 1etik, fabrikazioak, handizkako merkataritzak, tele­komunikazioek, finantzek, artis­tek eta TicketBAI erabiltzera be­hartuta dauden gainerakoek. Guztira, Gipuzko­an 55.000 zergadun ingururi era­gingo die TicketBAI sistemak.

Derrigorrez martxan jartzeko epeak horiek izanda ere, borondatezko epean erabiltzen hasteko deia luzatu du Gipuzkoako Foru Aldundiak; eta horretarako, aurrez aurreko arreta zerbitzua jarri du, hainbat bulegotan, TicketBAIri buruzko zalantzak eta kezkak argitzeko. Donostian daude bi bulego, Errotaburun eta Okendon; eta Azpeitian, Bergaran, Eibarren, Irunen eta Tolosan bulego bana. Horretarako, 15 teknikari kontratatu eta prestatu ditu Aldundiak, eta goizez eskainiko dute arreta, 08:00etatik 14:30etara. Hitzordua hartzeko, 943 11 30 00 telefonora deitu daiteke, edo Aldundiaren webgunearen bidez egin: gipuzkoa.eus/web/ogasuna/hi­tzordua. Aurrez aurreko zerbitzua abiatu arren, martxan jarraituko dute telefono bidezko arretak (943 11 30 00) eta email bidezkoak (ticketbaikontsultak@gipuzkoa.eus).

«Proiektuaren inguruko ezjakintasunak zalantzak sortu di­tzake, eta beraz, praktikoena da gure bulegoetara joan eta ziur­gabetasun horiek argitzea. Esku artean daukagun erronka ga­rran­tzitsuenetakoa da TicketBAI, eta Ogasunetik laguntzeko gaude», adierazi du Jokin Peron Ogasun eta Finantza diputatuak.

Dirulaguntza haundiagoak, borondatezko epean

Peronek berak, dei egin die zergadunei, borondatezko epean urratsa emateko: «sistemak no­la funtzionatzen duen jakite­ko eta harekin ohitzeko modurik eraginkorrena da, probak egite­ko eta beldurrik gabe praktika­tzeko». Gogorarazi du, era be­re­an, isunen erregimena ez dagoela indarrean epe horretan, eta TicketBAIren inbertsioak fi­nantzatzeko laguntza ekonomi­koak haundiagoak direla: egindako inbertsioaren %60a kenkari fiskal modura (bestela %30a), eta 1.000 euroko laguntza zuzenak merkatari eta ostalarientzat (azaroaren 30era arte, eta TicketBAIn gutxienez 15 faktura eginda).

Borondatezko epean sartu daiteke, norberaren arloko derrigorrezko epea hasi baino hilabete lehenago arte.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!