Hamabi pelotari eta sei soziedade, Azpeitiko Erremonte Txapelketan

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 9a, 00:00
Osteguneko aurkezpena, Izarraitz pelotalekuan.

Zubiri goizuetarrak, Goikoetxearekin jokatuko du eta Barrenetxeak, Loitegirekin.

Ostegunean aurkeztu zuten Izarraitz pelotalekuan gaur toki berean hasiko den Azpeitiko Erremonte txapelketa. Bi multzotan banatuta jokatuko dute ligaxka sei bikote parte hartzaileek, eta hilaren 30ean izango da finala. Aurten larunbata gauetan izango dira jaialdi guztiak, 22:00etan hasita. Zubiri goizuetarrak eta Barrenetxea hernaniarrak parte hartuko dute txapelketan.

COVID-19aren pandemiak eragindako urtebeteko etenaren ostean, berriz ere bueltan da Azpeitiko Erremonte Txapelketa. 21. edizioa izango da aurtengoa, eta berezitasun bat izango du: pelotari bikote bakoitzak herriko soziedade bat ordezkatuko du lehian, Sagardoaren Txapelketan sagardotegiekin egiten dutenaren antzera. Hain zuzen ere, sei bikote ariko dira nor baino nor aurtengo txapelketan, eta horietako bakoitzak Azpeitiko elkarte baten izena izango du.

Gaur hasiko da txapelketa Izarraitz pelotalekuan eta herenegun aurkeztu zuten, frontoian bertan. «Oso pozik» agertu zen aurkezpenean Xabi Gonzalez Oriamendi 2010 enpresaren gerentea, erremonteak berriro izango duelako tokia Azpeitian. Aurtengoarekin hamar edizio beteko ditu Oriamendik txapelketa antolatzen, eta «zenbait berezitasun eman» nahi izan dizkiotela nabarmendu zuen. Horretako «Azpeitiko hainbat eragileren laguntza» izan dutela gaineratu zuen: Udala, babesle komertzialak eta aipatutako soziedadeak. Guztien babesa eskertu zuen antolatzaileak.

 

Sei bikote, bi multzo

Sei bikotek jokatuko dute ligaxka, bi multzotan banatuta: Urrizak eta Labakak (Oilo Soro), Ansa II.ak eta Martirenak (Zokoa) eta Goikoetxea V.ak eta Zubirik (Gure Ametsa) osatuko dute A taldea; eta, Loitegik eta Barrenetxea IV.ak (Ilunpe), Urrutia II.ak eta Larrañagak (Ardozaleak) eta Segurolak eta Aizpuru III.ak (Inpernue), berriz, B taldea. Bi multzoetako lehen sailkatuek jokatuko dute txapelketaren finala. Final horretara sailkatzeko puntuaketari dagokionez, bikote irabazleek lau puntu batuko dituzte; galdu arren 39 eta 36 tanto artean eginez gero, 2 puntu batuko dituzte bikoteek; 35 eta 32 tanto artean eginez gero, puntu bat; 31 eta 26 tanto artean eginda gelditzen diren bikoteek ez dute punturik batuko; eta 25 tanto edo gutxiago egiten dituztenek, berriz, puntu negatiboa (-1) jasoko dute.

 

Hitzorduak, larunbata gauez eta gaur, Zubiriren debuta

Jaialdien eguna eta ordutegia dira 21. edizioaren beste berrikuntzetako bat. Aurtengo partidu guztiak larunbatetan izango dira Izarraitz pelotalekuan, 22:00etan hasita.

Guztira lau jardunaldik osatuko dute Azpeitiko XXI. Erremonte Txapelketa, ligaxkari dagozkion hirurak eta finalarena. Gaur, hilak 9, hasiko da txapelketa. Ligaxkako lehen jardunaldi honetan, Segurolak eta Aizpuru III.ak Urrutia II.aren eta Larrañagaren kontra jokatuko dute lehen partidua; eta Ansak eta Martirenak Goikoetxea V.arekin eta Zubirirekin neurtuko dituzte indarrak gaueko bigarren neurketan. Urriaren 16an eta 23an osatuko dute ligaxka, eta hilaren 30ean jokatuko dute finala.

2019an jokatu zen Azpeitiko Erremonte Txapelketaren orain arteko azken edizioa, eta Barrenetxea IV.ak eta Aldabek irabazi zuten.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!