Hiru Hondartzatako krosak bihar bailarako lasterkariak bilduko ditu

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 9a, 00:00
Sergio Roman hirugarren sailkatu zen aurreko asteko 10 kilometrokoan.

Irteera 10:00etan emango da Ondarreta paretik eta helmuga ere bertan dago kokatuta.

Lasterketa herrikoiak berriz ere bueltan dira Euskal Herrian. Aurreko astean maratoi erdia korritu zen Donostian eta aste honetan Hiru Hondartzatako krosaren txanda izango da, bihar, goizeko 10:00etan hasita.

Dagoeneko 31. edizioa da korrituko dena eta Behobia Donostia lasterketaren prestakuntzan lasterkari askok aukeratzen duten proba da. Beraz, bailarako korrikalari asko eta askok hartuko dute bertan parte.

Ibilbide ikusgarrienetako eta politenetako bat izan dezake lasterketa honek Donostiako hiru hondartzetatik (Ondarreta, Concha eta Gros) igarotzen den hiri-zirkuituaren fusioak irudi eta bista ikusgarriak eskaintzen ditu eta urtero.

Lasterketa Donostiako Jakintza Atletismo Taldeak, Bidasoa Atletiko Taldearekin elkarlanean antolatzen dute.

Donostiara joan nahi dutenek, adi egon beharko dute trafiko aldaketekin hiri osoan zehar. Autobus ibilbide eta geltokiak aldatu edo mugitu egingo dira 09:45etatik 11:00etara gutxi gora behera.

 

Asteartean, Tolosako SanEsteban auzoan beste lasterketa bat

Tolosako San Esteban Herri Krosa ere asteartean antolatuko da. Lasterketa honek dagoeneko bere 33. edizioa du aurtengoa. Urriaren 12an, goizeko 11:00etan emango zaio hasiera eta 8 kilometroko ibilbidea du, guztiz laua. San Esteban auzoan du irteera eta helmuga. Txiki krosa ere badago, txikientzako, distantzia ezberdinekin.

9 urtera arte 500 metroko ibilbidea izango dute eta 14 urtera arte 1.250 metrokoa.

 

Sergio Roman hirugarren, lehengo astean

Donostiako Maratoi Erdian, 10 kilometrotako lasterketa motzagoa ere antolatu zen eta bertan, Sergio Roman hernaniarrak hirugarren amaitu zuen. Nahiz eta adinean aurrera joan, Kamel Ziani eta Romanek indartsu jarraitzen dutela erakutsi zuten.

Ziani oriotarra izan zen helmugan azkarrena 31:46 denborarekin, podiuma Unai Ibarra eta Sergio Romanek osatu zutelarik.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!