Prezioen igoerak herritarren erosteko ahalmena gutxitu du azkenaldian

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 9a, 00:00
%0,7ko igoera egon da EAEko ostatu, kafetegi eta jatetxeetako prezioetan.

Iraileko argiaren prezio igoerak, urteko KPIa (IPC) %4ra igo du, azkeneko 13 urteetako maximoa izanik. Euskal Herriko ekonomiaren susperraldirako oztopoa da inflazio hau. Azkeneko hilabetean, Estatuan, inflazioa %0,8 igo da.

Argia, erregaia, ogia, barazkiak, haragia, kafea, etxebizitza, papera... egunero entzun daiteke kalean hainbat produktuk izan duten prezio igoeraren gaineko kexa eta dagoeneko asko nabaritzen da herritarren poltsikoetan. Gainera, herritarrek duten sentsazioa etengabe prezioak igotzen ari direla egia dela erakutsi dute azkeneko datuek.

Energiaren prezio gorakadak, inflazioan eragiten jarraitzen du, eta azkeneko hamarkadatan izan ez ditugun datuetara iritsi gara. Erosketa saskia, 2021eko irailean duela urtebete baino %4 garestiagoa da, INEk (Estatistikako Instituto Nazionalak) aurreko astean jakinarazi zuenez. Aurreratu dituzten datuen arabera, azkeneko hilabetean, %0,8ko gorakada izan da Estatu mailan, argindarraren prezioaren igoerak eraginda gehienbat. Hileko tasari dagokionez, prezioak %0,8 igo dira, aurreko hilabetean baino %0,3 gehiago.

KPIak %0,4ko igoerarekin itxi zuen abuztua, urteko KPIa %3,3an jarriz, 2012tik izandako maximoa. Hala ere, joan den hilean Gobernuak hartutako neurriek,  energiaren eraginari eutsi zioten hein batean. Hala ere, elektrizitatea %7,8 igo zen hilabete bakarrean eta %35 urte betean. Horrela, inflazioaren erantzule nagusia elektrizitatea bera izan dela diote adituek.

Estatistikako Institutu Nazionalak ez ditu partida bakoitzaren ekarpenak zehazten, KPIaren lehenengo estimazio horretan, izan ere, behin betiko datuak hilaren erdialdean argitaratuko dira. Irailean, argiaren prezioaren maximoez gain, petroleoaren prezio gorakada ere nabaritu da, baita gas naturalaren prezioan ere. INEk adierazi du, «hilabete honetan, elektrizitatearen prezio igoera nabarmentzen dela batik bat, iazko irailean baino haundiagoa». Gaineratu du,  pakete turistikoen eta gasolinaren prezioek ere eragin dutela inflazioan (jeitsi egin dira, baina 2020an baino gutxiago).

Nolanahi ere, datuek erakusten dute inflazioaren tentsioa, ekonomiaren gainerakora pasatzen ari dela. Azpiko inflazioak ez ditu kontuan hartzen erosketa-saskiko elementu lurrunkorrenak (energia eta elikagaiak), eta %0,3 igo ditu %1eraino. Hala eta guztiz ere, prezioen aurrerapen-erritmoa, logikoa denez, txikiagoa da, eta KPIaren eta azpiko KPIaren arteko aldea ehuneko hiru puntutan dago, bi aldagaiak kalkulatzen hasi zirenetik ezagutzen ez den zifra edota daturik altuena.

 

Elektrizitatea maximo
historikoetan

Irailean zehar eta urriko egun gutxi hauetan, elektrizitatearen prezioak maximo historikoetara iritsi dira berriro, ia egunero errekorrak hautsiz. Azkeneko maximoa atzo bertan izan zen, megawatt bakoitzaren prezioa 288 eurotakoa izan baitzen haundizkako merkatuan, duela urtebete baino %600 haundiagoa. Etxebizitza bateko hornidurak, erosketa-saskiaren %13,5 dira, elektrizitatea izanik hornidura horien artean garrantzitsuenetakoa.

 

Abuztuan, prezio igoera nabarmena, Euskal Autonomia Erkidegoan

Lehen aipatu bezala, iraileko azkeneko datuak datorren astean ezagutuko dira eta hor jakingo da irailean zenbat igo diren prezioak zehazki. Hori bai, abuztukoak argitaratu ziren eta Euskal Autonomia Erkidegoan honakoak izan ziren: etxebizitza (%2,4), aisia eta kultura (%0,9), hotelak, kafetegiak eta jatetxeak (%0,7), beste batzuk (%0,5), elikagaiak eta alkoholik gabeko edariak, alkohola eta tabakoa (%0,3) eta garraioa (% 0,2).

Irakaskuntzak eta komunikazio sektoreak aldiz, berdin jarraitu dute (%0,0); eta prezio beherakada izan duen sektorerik ere bada, adibidez: jantzi eta oinetakoak (%-1,0%), medikuntza (%-0,3) eta etxeko hornidura (%-0,1%).

Urtea hasi zenetik, prezio-igoerarik haundiena honako sektore hauek izan dute: etxebizitzak (%9,9), garraioa (%8,0) eta hotelak, kafetegiak eta jatetxeak (%3,5).

Horien atzetik datoz elikagaiak eta alkoholik gabeko edariak (% 1,7), aisia eta kultura eta bestelakoak (% 1,2), alkohola eta tabakoa (% 1,1), etxeko hornidura (%0,9), medikuntza (%0,5), komunikazioa (%0,4) eta irakaskuntza (%0,2).

 

Nazioarteko Diru Funtsaren prebisioek diote udazkenean goia joko duela inflazioak

Nazioarteko Diru Funtsak (NDF) bere aurreikuspena argi dauka: herrialde aberatsetan inflazioak goia joko du udazken honetan, eta ondoren, negutik aurrera, jaisten hasiko da. Datorren urtearen erdialdean, %2 inguruan kokatuko da, herrialde garatuetan, datorren astean argitaratuko den txosten ekonomiko globalaren aurrerapenean hainbat teknikarik adierazi dutenez.

Erakundeak onartu du, ekonomia noraezean dabilen honetan, edozein proiekzio egitea oso arriskutsua dela. Hala ere,  ia erabat baztertu du, munduko ekonomia etengabeko inflazio batean eroriko denik.

Funtsaren azterketa sailak, bere aurreikuspenaren aurrerapenean onartzen duenez, «lehengaien garestitzea, hornidura eskasiak eta egungoa bezalako errebote ekonomikoak, inflazio orokorrean presioa egiten dute». Eta ziurgabetasun egoera horrek kezka sortzen du,  «inflazioak banku zentralen helburuak etengabe gainditu, itxaropenak askatu eta beste espiral batera eraman ditzakeelako».

Hala ere, analisiaren arabera, litekeena da kasu hori ez ematea. Nazioarteko Diru Funtsak espero du, «bai ekonomia aurreratuetan, bai garapenean daudenetan, inflazio orokorra pandemia aurreko mailara jaistea 2022aren erdialderako».

 

URTEKO PREZIO IGOERAK


- Etxebizitza: %9,9

- Garraioa: %8,0

- Hotel, kafetegi, jatetxe: %3,5

- Elikagaiak eta alkoholik gabeko edariak: %1,7

- Aisia eta kultura: %1,2

- Alkohola eta tabakoa: %1,1

- Etxeko hornidura: %0,9

- Medikuntza: %0,5

- Komunikazioa: %0,4

- Irakaskuntza: %0,2

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!