Emakumeen topaketa, datorren larunbatean

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 9a, 00:00

Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Eguna ospatuko da Leitzan.

Landa Eremuko Emakumeen Nazioarteko Egunaren harira, datorren larunbatean, urriaren 16an,  emakumeen topaketa antolatu dute Basakabin, eta antolatzaileek iragarri dutenez, «adin eta sektore guztietako emakumeei zuzendua» izanen da.

Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitateak eta Habelarte Mendialdeko Baserritarren Elkarteak antolatu dute hitzordua, Nafarroako Berdintasunerako Institutuaren laguntzarekin, eta «aldaketa sozioekonomikoek gure paisaian eta bizitzan utzi duten aztarna» landu nahi dute.

Urriaren 16an, larunbata, 10:00etan Basakabin bilduko dira eta Gotzone Sestorain gidari dutela saio praktikoa eginen dute. Eguerdian bazkaria eginen dute bakoitzak etxetik eramandakoarekin, eta arratsaldean auzolanerako bilduko dira. Bazkaltzeko tokia eta auzolana eguraldiaren arabera erabakiko dutela jakinarazi dute.

Parte hartzeko, asteazkenerako, urriaren 13rako izena eman beharko da, 674 08 69 26 telefonora idatzita.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!