Topagune Sozialista, gaurtik asteartera arte

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 8a, 00:00

Altsasun antolatu da aurten eta lau eguneko kanpaldian musika, hitzaldiak, tailerrak... izango dituzte. 

Gaurtik urriaren 12ra bitartean Topagune Sozialista egingo dute Altsasun. Gazte Koordinadora Sozialistak (GKSk) eta Ikasle Abertzaleak antolatuta lau eguneko kanpaldia egingo dute eta  bertan musika, hitzaldiak, tailerrak... izango dituzte. 


Eskaintza zabala izango da, eta «egungo testuinguruaren ezinbesteko papera jokatzen du Topaguneak» adierazi dute antolatzaileek. Pasa den ikasturte politikoa «COVID-19 birusak baldintzatutako urtea izan da, enpresari haundiek eta alderdi politikoek ezarritako salbuespen egoeran eskubide zibil eta politikoak ezabatu dituztela ikusi dugu besteak beste. Zailtasun guzti horiek medio, antolakundeok lanean jarraitu dugu ikasturte osoan zehar, bai hezkuntza zein gazte esparruan, eta antolakuntza komunistaren aldeko indarrak batzeko borrokan murgildu gara».


Gazte Koordinadora Sozialistak garrantzi berezia ematen dio Topagune Sozialista antolatzeari, izan ere, «alderdi politikoen kontrolpetik eta instituzio burgesen kanpoko jardun politikoa gero eta gehiago murrizten ari diren garaian, beharrezkotzat jotzen dugu horien influentziatik kanpo jardun politikoa mantentzea eta ekimen propioak antolatzea. Antolakuntza independentea alternatiba komunista egikaritzeko berme bakarra baita gure ustetan».


Hortaz, Azpeitian 2019an Topagunea ospatu ondoren eta 2020ko Legution egitekoa zen edizioa pandemiaren erruz bertan-behera geratu ostean, ekimena berrartuko dute bi antolakundeak. Egitarau osoa ikusi nahi duena www.gks.eus weborrian aurkitu dezake, baita xehetasun gehiago ere

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!