Udalek, argindarraren prezioaren igoeraren aurkako gaurko itzalaldiarekin bat egin dute

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 8a, 00:00
Argiaren prezioa asko igo da.

Hernaniko eta Astigarragako Udalek, iraileko udalbatzarretan, 'Deskonektatu elektriketatik. Haien iruzurraren aurrean, burujabetza energetikoa!' izenburuko mozioa onartu zuten eta itzalaldia 22:00etatik 22:30etara izango da.

Hernaniko eta Astigarragako Udalek, iraileko udalbatzarrean, Deskonektatu elektriketatik. Haien iruzurraren aurrean, burujabetza energetikoa! izenburuko mozioa onartu zuten eta argindarraren prezioaren  igoeraren aurkako itzalaldiarekin bat egingo dute gaur, 22:00etatik 22:30etara.

Hernaniko Udalak prentsa ohar bidez, hernaniarrei deialdia egin die parte hartzeko gaur Euskal Herriko, Kataluniako eta Galizako indar politiko batzuek deitutako protestan. «Argindarra izugarri garestitzen ari den honetan, enpresa elektrikoei nahikoa dela esateko garaia delako» adierazi zuen EH Bilduk beste ohar batean.

EH Bilduk aurkeztutako mozioa puntuz puntu bozkatu zen. Elkarrekin Podemos-Orain Hernani udal taldeak 2. puntua izan ezik puntu guztiak babestu zituen. EAJ-PNV eta PSE abstenitu ziren.

«Onartutako mozioan Hernaniko Udalak honako hau adierazten du: 1. Espainiar estatuko enpresa elektrikoak argindarraren prezioarekin egiten ari diren iruzur larria salatzen du.

2. Euskal Herriak subiranotasun energetikoa behar du, espaniar estatuan ezarritako oligopolioa apurtuko duten sistema propioak behar ditugu, sistema bidezkoak publikotik  eraikitzeko eta argindarra oinarrizko ondasun eta eskubide gisa errespetatzeko.

3. Eusko Jaurlaritza interpelatzen dugu, lankidetza publiko-komunitarioa, deszentralizatua eta kontrol publikoa bermatuko dituen neurri zehatzak har ditzala presazko izaerarekin.

4. Hernaniko Udalak gaur, 22:00tatik 22:30era deitutako itzalaldi masibo eta  kazola-jotzeko deialdiarekin bat egiten du».

Hernaniko Udalak, ekimenarekin bat egiteko, udaletxearen argiztapena itzaliko du.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!