Osasun larrialdia bukatutzat eman du Eusko Jaurlaritzak

Kronika - Erredakzioa 2021ko urr. 5a, 19:11

LABI batzordea desegingo du Iñigo Urkullu lehendakariak, eta bertan behera geratuko dira Covid-19aren kontrako neurri gehienak, ostegunetik aurrera.

Bukatutzat eman du osasun larrialdia Eusko Jaurlaritzak, Euskal Autonomia Erkidegoan. Hala erabaki du LABI batzordeak, gaur egin duen bileran; eta hala jakinarazi du Iñigo Urkullu lehendakariak, arratsaldean egin duen agerraldian. Horrela, LABI batzordea bera desegin du lehendakariak, eta bertan behera geratuko dira Covid-19ari aurre egiteko hartutako neurri eta murrizketa gehienak.

Esaterako, ostegunetik aurrera, ez da aforo mugarik izango ostalaritza eta merkataritza establezimenduetan, eta tabernetako barran kontsumitzeko aukera izango da. Eta era berean, aforo mugarik ez dute izango kultur ekitaldiek ere, eremu itxi eta haundietan egiten direnek izan ezik: %80koa izango da muga, espazio itxietan eta 5.000 lagunetik gorako edukiera duten esparruetan antolatutako ekitaldietan.

Edonola ere, derrigorrezkoa izango da maskarillaren erabilera oraindik, espazio itxietan; eta baita kanpoaldean ere, segurtasun tartea mantendu ezin denean. Mantendu egingo du Jaurlaritzak ekitaldietan jateko eta edateko debekua ere, barnealdean zein kanpoaldean.

Lehendakariak nabarmendu du, hobera egin duela egoera epidemiologikoak, eta une honetan, posible dela osasun larrialdia bukatutzat ematea. Azkeneko bi asteotan, 60 ingurukoa da intzidentzia-tasa EAEn, 100.000 biztanleko; eta nabarmen jaitsi da UCIn ingresatuta dauden gaixoen kopurua ere: 34 dira une honetan. Hori horrela, «osasun zaintza etapa berri bat» hasi dela adierazi du Urkulluk. Eta, etapa berri horretan, zuhurtziaz jokatzen jarraitzeko deia egin die herritarrei: «ezin dugu guztiz bukatutzat eman osasun krisi hau. Beharrezkoa da prebentzio jarrera izatea oraindik, posible delako berriro ere prebentzio neurriak hartu behar izatea».

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!