Garaipen ederrarekin esan dio 'agur' Olaizola II.ak Atanori: «oso eskertuta nago jasotakoarekin»

Urtzi Odriozola 2021ko urr. 5a, 00:00
Zabaleta eta Olaizola II.a ezkerrean, goizuetarra omendu aurretik.

Olaizola II.ak eta Zabaletak maila ederra erakutsi zuten pasa den larunbatean Atanoko pilotalekuan, 17-22 markagailuarekin garaitu zituzten Altuna III eta Ander Imaz.

Larunbat arratsaldean, jendez bete zen Atano pilotalekua, Goizuetako Olaizola II.ak 'agur' esan baitzion hain maitea duen Gipuzkoako frontoi honi. Goizuetarrak azaldu zuen ez zuela espero honelako agurra, eta ozen aipatu zuen oso eskertuta zegoela; «beti izan da berezia niretzat Donostiako Atano pilotalekua, Gipuzkoan jarraitzaile asko baitauzkat, eta hori oso garrantzitsua da niretzat». Modu paregabean jokatu zuten Zabaleta eta Olaizola II.ak. Izan ere, 17-22 garaitu zituzten Altuna III eta Ander Imaz.

Olaizolak irailaren 15ean iragarri zuen azaroaren 13an hartuko duela erretiroa Goizuetan. Pasa den asteburuan izan zen bere lehen agurra Donostian,  eta hurrengo partidu eta agurra, igandean izango da Eibarreko Astelena pilotalekuan. Albisurekin batera Irribarria eta Rezustaren aurka ariko da.

 

Mendialdeko buruz burukoan, hiru pilotari finalera

Mendialdeko buruz buruko finalerdiak jokatu ziren pasa den igandean. Sein mailan ez zen garaipenik egon: Beñat Narbartek 18-11 galdu zuen eta Luken Elizegik 18-10 galdu zuen. Beraz ez dago finalistarik maila honetan. Nesketan, Alize Sagardui finalera sailkatu da 18-5 irabazi ondoren eta Araitz Legarretak galdu egin zuen. Kimu 2 mailan, Axel Salaberriak 18-17 garaitu zuen Bildarraz eta finalera sailkatu da. Azkenik, kadeteen lehenengo mailan, Oihan Legarretak finala jokatuko du 18-0 irabazi eta gero finalerdian. Sotil izango du aurkari finalean.

 

Hernanin, emaitza «onak»

Guztira 8 garaipen eta 6 porrot lortu dituzte Hernaniko pelotariek. Probintziako txapelketan emaitzarik onenak Zabala eta Urdangarin, eta Iturbe eta Legarreta kadeteek lortu zituzten. Horrez gain, Exposito eta Lizeaga seniorren garaipena aipatzekoa da, lortutako emaitzarekin txapelketako finalerdietan sartzeko postuetan bukatzea eragin baitu. Emaitzarik «txarrena» Salaberria eta Ortiz de Urbina seniorrena izan da, izan ere, lehenengo partidua galdu egin dute. Hala ere, azken fasean sartzeko aukerekin jarraitzen dute.

Gartzaron txapelketan, Oier Macicior eta Ekhi Oses alebinek, 18-4 galdu zuten. Aurkariak gehiago izan ziren, hala ere, orain arte izandako garaipenak kontutan izanik, fase finala jokatzeko sailkatu dira.

Kronika egunero, euskaraz eta doan jasotzen segi ahal izateko, Kronikakide gehiago behar dira, eta zer esanik ez, proiektu komunikatibo sendo eta profesional bat garatu nahi badugu.
Egin zaitez KronikaKide!